Uholdeen aurkako neurriak Karabelen: zubi berria, urak kanporatzeko sarean moldaketak eta lezoia

Kronika - Erredakzioa 2012ko abu. 21a, 02:00

Uholdeen aurka, Karabel auzoan zein babes neurri hartuko diren erabaki zuen Gobernu Batzordeak uztailaren 20an. Babes neurri horiek honakoak dira: zubi berria egitea oraingoaren lekuan, behar ez diren edo kaltegarriak diren urak ateratzeko euri-uren sarea alda­tzea eta ur horiei eutsiko dien depositora bideratzea, eta lezoi bat egitea (fosa, zanja) Karabel iparraldean barrena doan bide osoan. Lezoiaren gainean bide bat ere egingo da.
Hernaniko Udala eta Uraren Euskal Agentzia (URA) elkarrizketetan ibili dira  konponbidea bilatzeko Karabelen uholdeek sortzen duten arazoari eta guztiaren emaitza izan da aipatutako babes neurri horiek hitzar­tzea.

2008ko azterlan
hidraulikoan onartutako neurriak, ez nahikoak

2008 urtean, Uraren Euskal Agentziak onartu zuen Uru­mea ibaiaren antolamenduaren azterlan hidraulikoa (ibaiaren bokaletik Altzuetara artekoa). Azterlanaren helburua zen ibai bazterrak antolatzea, ikuspuntu hidraulikotik, in­gu­rumenaren ikuspuntutik eta hirigintzaren ikuspuntutik Urumea ibaiaren bide osoan, Hernaniko udalerritik hasi eta itsasoratzen den lekura arte. Guztiaren helburua da, uholde arriskua gu­txitzea edo arintzea.
Azterlan horrek, Karabel auzoari dagokionez, orain dagoen zubia botatzea eta berri bat egitea jasotzen du eta horretarako zubiaren ondoan dauden hiru eraikinak botatzea. Horrez gain, lezoi bat egitea ere jasotzen du, Karabel auzoaren iparraldean barrena doan bidearen luzera guztian. Hain zuzen, bide hori babesteko.
Dena dela, ikusi dute uholdeen kalteak prebenitzeko eta saihesteko hartu beharreko neurriak azterlan hidraulikoan aipatutakoak baino gehiago izan behar direla. Beraz, hitzarmen berriak biltzen du zubiaz eta lezoiaz gain, euri-uren sarea egokitzea eta ur horiei eusteko deposito modukoa egitea. Guztia, behar ez diren edo kaltegarriak diren urak kanporatzeko.

Zubia egitea eta ur sarea moldatzea: 4 milioi eurotik gora
Karabelgo zubia egiteak, euri-uren sarea moldatzeak eta depositoa egiteak 4.249.615,25 euroko kostua izango duela ebaluatu dute. Zubia egiteko lanak (3.386.921,28 euro)  eta lezoia URA agentziak finantzatuko ditu. Bestalde, Udalak (UE)PK.02 Karabel areari inputatuko dio euri-uren sarea moldatzea eta depositoa egitea (862.693,97 euro).

Urbanizazio planaren parte
Karabel auzorako, (UE)PK.02 area deiturikoan, urbanizazio plan bat onartu zuen Udalak uztailaren 13an eta hiri antolamendu berria izango du: etxebizitzak, errotonda, errepide berria, aparkalekuak, parkea... Uholdeen aurkako obrak (zubi berria, ur sarea, depositoa...) egitasmo honen parte izango dira, izan ere, bertan egingo diren etxebizitzek berau finantzia­tzen lagunduko dute. Obrak batera egingo dira eta 2012ko bigarren seihilekoan hasiko direla aurreikusten da.

Egingo diren hainbat lan:
- Karabelgo egungo zubia bota eta haren lekuan zutabeen artean 70 me­troko tartea duen zubi berria eraiki (tarteko zutaberik gabea).
Zubi berria egungoa baino gorago eraikiko da, Akarregiko azpi-eremuan aurreikusitako errotondarekin koordinatuta. Bertatik pasako den erre­pidea 7 metro zabal izango da. Ho­rrez gain, oinezkoentzako bi espaloi eta bidegorria izango ditu. Espaloi horietako bat gutxienez 3 metro zabal izango da eta bidegorria, 2,2 metro zabal.
- Zubiaren bukaeran errotonda bat eraiki, bertan elkartuko diren beste hiru bideetako trafikoa erregulatzeko.
- Karabel ondoko egungo hiru eraikinak bota.
- Landare eta Karabelen lezoiaren azkeneko zatia eraiki, egungo auzoaren iparraldeko bideari jarraituz.
- Areari zerbitzua emango dion bide-sarea zehaztu.
- Karabel eta Portu auzoen artean, ibilgailuen, txirrindularien eta oinezkoen ibilia erraztu eta hobetzeko, 6 metro zabal den errepidea, 3 metro zabal den espaloia eta 2 metro zabal den bidegorria.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!