Espero bezala, ez zeuden elkarri barkatzeko. Goizuetako beteranoek ikuskizun aparta eskaini zuten atzo, Goizuetako frontoia gainezka zela. Irabazi, beteranoenek: Iñaki Lujanbiok eta Joxanton Apezetxeak, 22-12, Juantxo Apezetxea eta Miguel Angel Salaberria Buruxuri-ren kontra.
Itotzeko erritmoa jarri zuten lauek ere, hasieratik, eta pare-parean joan ziren, 11-11 berdindu arte. Horra arte partidu luzea; eta zaharrenek puskatu zuten. Lujanbiok arriskatu egin zuen, eta airez tanto mordoxka egin zituen. Juantxo eta Buruxuri ere ederki aritu ziren, baina ez zegoen erraza, atzo, Joxantoni tantoa sartzea. Jendea txoratzen, eta estelarretako anbientea Goizuetan.
Festa ez zen hor bukatu
Aranok irabazi zuen 18-17, urteroko Arano-Goizueta erronka. Huizik eta Lizeagak sufrituta baina merezita irabazi zuten, Apezetxea eta Zabaleta on batzuren kontra. Pelota partiduarekin hasi egin zuten festa, atzo, Goizuetan. Hortik aurrera, ordea, Umore Ona Peñarena izan zen eguna; Goizuetako kaleak, errioa, Plaza, gaua, denak izan ziren Umore Ona Peñarenak. Eta ederki bukatu zituzten ederki hasitako festak.
Bakero eta Arozena onenak bakailoa prestatzen
Irabazle gehiago ere utzi ditu aurtengo Amabirjin jaiak. Bakailo lehiaketan 14 taldek parte hartu zuten, eta sukaldari onenak Esteban Arozena eta Patxi Bakero. Sagardo lehiaketan, berriz, Oiartzungo Garmendia onena; bigarren Eguzkitza, eta hirugarren Petritegi.
Pelota partiduetako irabazleak: hilaren 15ean, gazteetan, Zubizarreta-Murua nagusi, 18-15. Eta nagusietan, Apezetxea-Irañeta nagusi, 22-18. Hilaren 16an, profesionaletan, Apezetxea-Peñagarikano nagusi, 22-17. Eta lauterdian, Barandiaran, 22-13.