Gaur bete dira 10 urte Eduardo Chillida eskultore hernaniarra hil zela, eta familiak omenaldia egingo dio, ateak itxita, Chillida-Leku museoan. Atzo prentsaurrekoa eman zuten Chillida-Lekun, eta adierazi zuten, Eduardo Chillida oso presente dagoela, «oso bizirik».
Chillida familiak bi gonbidatu eraman zituen atzo prentsaurrekora, Fernando Savater filosofoa eta Clara Janés idazle katalana, beste 124 pertsonaiarekin batera artikuluak idatzi baitituzte, Chillidari buruz familiak egin duen azken liburuan: Cien palabras para Chillida. Janések adierazi zuen, Chillida bizirik mantentzen duela liburu berri honek: «Eduardo bizi da, bizirik dago; familia hor dago eta fundazioa ere bai, eta horiek ditu bihotza; taupadaka ari dira».
126 artistaren hitzak liburu batean
Susana Chillidak aurkeztu zuen liburua, Cien palabras para Chillida. Munduko 12 herrialdetako artistek idatzi dituzte testuak, 15 langintza ezberdinetakoak. Tartean daude, Luis Arconada porteroa edo Fernando Savater filosofoa. Elias Querejeta zine zuzendaria, edo Clara Janés idazlea. Agustin Ibarrola, Iagoba Fanlo, Pedro Miguel Etxenike, Rafael Moneo, Edouard Weiss...
Elias Querejetaren hitzen laburpen bat, honakoa litzateke: «Tranbian topo egiten genuen Eduardok eta biok, askotan... Ez dut inoiz ahaztuko, behin nola esan zidan, belaunean minik hartu izan ez balu, futboleko portero izaten segiko zuela. Eta segidan: «ez dut nahi zu lesionatzerik, baina utziozu baloi bati ostikoak emateari... lehenbailehen... seguru badituzula gauza hobeak egiteko».
Ekitaldia, Chillida-Lekun
Omenaldi bat egingo diote gaur, Eduardo Chillidari, Zabala baserrian. Ekitaldia pribatua izango da, eta bertara gonbidatu dituzte liburu horretan idatzi duten artistak, familiakoak, eta ingurukoak. Ekitaldi horretan liburuko pasarteak irakurriko dituzte, eta 100 globo botako dituzte airera, barruan Chillidari buruzko hitzak dituztela.
Museoa itxita, noiz arte?
Chillida Leku museoari buruz ere hitz egin zuten atzo. Fernando Savater filosofoak adierazi zuen, pena haundi bat dela museoa itxita egotea. «Pertsona bezala ezagutu nuen Eduardo. Umila zen, bere buruari benetan daukan balioa baino txikiagoa ematen diotenetakoa. Eta ausarta zen; Gesto por la Pazen elkarrekin lan egin genuen. Chillida Leku museoa itxita ikusteak sekulako mina ematen dit. Lastima da izoztuta egotea, holako museo bat».
Luis Chillidak adierazi zuen, museoa oraindik itxita egongo dela. Noiz arte ez zuen esan, baina bai, noizbait ireki nahiko luketela: «museo hau ez dugu nahi gure jardina izaterik. Ez dugu itxita nahi. Noizbait ireki nahi dugu, eta lehen baino museo hobea izatea nahi dugu. Baina orain itxoiteko garaia da».