«Bidea hasia dago; orain jendea behar dugu langabetuen taldean»

Kronika - Erredakzioa 2012ko abu. 18a, 02:00

Maiatzetik ari dira biltzen Hernaniko langabetuak. Kurrikulumak biltzen aritu dira, lan poltsa bat egiteko; Udalarekin harremanetan daude, eta orain estatutuak prestatzen ari dira elkarte bat sortzeko.

indarrik ez dute falta, bai­na jendea bai, langabetuen taldean. Guztira 30 la­gun inguru elkartu dira Bi­teriko bileretan, maiatzean hasita, baina 7-10 inguru dira astero-astero biltzen direnak. Proiektuak badituzte bu­ru­an, eta gehiago nahi dituzte, gero prioritateak jarri, eta martxan jartzeko.

Enpresek kontratatu ditzatela hernaniarrak
Behar haundi batek bildu ditu Hernaniko langabetuak, eta ados jarri dira puntu nagusi batzuetan. Horietatik bat, hasieratik eskatzen ari direna: hernaniarrak kontratatu di­tzatela bertako enpresek eta subkontratek. Hori eskatzen dute, eta Udalari adierazi dio­te, berak ere hori eskatu diezaiela enpresei. «Badakigu, abuztuan ere kontratazioak egin dituztela Hernaniko enpresek. Eta jo al dute hernaniarrengana? Hernanin 1.267 pertsona gaude lanik gabe».

Kurrikulumak biltzen
Lan poltsa bat egiten ari dira, eta horretarako hernaniarren kurrikulumak biltzen aritu dira. Kurrikulum dexente bildu dituzte, horrekin ze­rren­da bat osatzen ari dira, enpresek kontuan hartu de­zaten. «Azkenean lortu nahi dugu lan poltsa publiko bat osatzea, erabat gardena izango dena». (Kronikak pixkanaka argitaratuko du lan poltsa hori, asteburuetan). Nahi duenak bidali dezake kurrikuluma: hernaniko­lan­gabe­tuak@­gmail.com

Langabetuei laguntza
Udalarekin harrematan ari dira hasieratik, eta eskaera bat baino gehiago egin dizkiote. Horietako bat: udal zergak kentzea langabetuei, kiroldegiko sarrera dohain, herriko lurretan baratzak jar­tzen uztea.. Horrez gain, lokal bat ere eskatu dute, Hernaniko jendea bertara joan dadin, kurrikulumarekin, edo bestelako proposamenekin.

Estatutuak prestatzen
Taldea sortuta dago, eta orain izaera juridikoa eman nahi diote, gestioak egin ahal izateko. Estatutuak presta­tzen ari dira, eta laster elkarte izango dira. Adibidez, lan deialdi bat dagoenean, elkarte gisan aurkezteko asmoa ez dute deskartatzen.

«Jende gehiago behar dugu»
Hitzaldiak, beste langabetu taldeekin harremanak... hain­bat gauza egin nahi dituzte, baina horretarako, jende gehiago behar dute taldean. «Lana nahi badugu, ezin gara zai egon. Geuk egin behar dugu zerbait lana lortzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!