Auzo giroan hasi eta auzo giroan bukatu zuten festa, asteazkenean, Santiomendi auzoan. Inguruko jendea ere iritsi zen Astigarragako auzo honetaraino, eta batez ere eguerdian izan zuten jendea.
Herri kirolak baino lehenago sagardo probaketa zuten. Auzoko baserrietako sagardoak atera zituzten probaketan, eta Oialume baserrikoa zuten onena, gehienen iritzian, Pello Beltzak egina.
Txorizoa eta patata tortila gustora jan zituen jendeak, eta hor ere irabazle bat bada. Tortilarik onena Etxeberriko Rosi Alkortak egindakoa.
Zerainek irabazi zuen zaldi dema, 65 plaza eginda; Paollak 61 egin zituen.
Motozerra erakustaldiak errematatu zuen eguna, era guztietako irudiak egin baitzituzten motozerrarekin: kanguro bat, aulkia, perretxikoa... Ginda, hori bai, afal osteko txiste kontaketak jarri zuen. Auzo giroan hasia, auzo giroan bukatu zuten, beste urte betez.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!