‘Gaitz isilduak’: gaixo larrien errealitatea, dokumental batean

Kronika - Erredakzioa 2012ko abu. 20a, 02:00

Gaixo larriak askatzea lehentasunezko eskaera bat bihurtu da, hainbat euskal preso politikoren egoera larria dela eta. Iosu Uribe­txeberria presoaren ka­su­ak ere gaia denon ahotan jarri du.

Gaixo larriek bizi duten egoera zabaltzeko asmoz, Etxe­rat elkarteak dokumental bat egin du, Gaitz isilduak izenekoa. Uztailean aurkeztu zu­ten. 45 minututan, gaixo larrien zerrendan dauden 14 presoren bizipenak bildu dituzte; tartean, Gari Arruarte hernaniarrarenak. Presoen se­nide eta lagunen testigantzak azaltzen dira eta Arruar­te­ren ama, Izaskun Santa Cruz age­ri da, besteak beste. Doku­men­tala ikusgai dago Youtuben (Gaitz isilduak sartuta).

Kezka eta esperantza
Dokumentala hiru zatitan banatzen da. Lehenengo zatian, preso bakoitzaren senide edo lagunek banaka-banaka presoaren aurkezpena egiten dute, eta baita atxilotze data, preso egon den espe­txeak, egungo espetxea, etxetik dagoen distantzia...

Bigarren zatian ere banaka, preso bakoitzaren gaixotasunaren berri ematen dute. Baita espetxean dituzten baldintzen berri eta bizi duten egoeraren berri ere. Espetxe­ko baldin­tzak bestela ere gogorrak direla azpimarra­tzen dute eta gaixo egonda, egoera oraindik ere zailagoa dela. Gutxienez bizi kalitatea izan dezatela eskatzen dute eta eskubideak errespetatzea: «Gizakiak dira. Eskubi­deak dauzkate, giza esku­bideak, edozein presok bezala eta kalean dagoen edozein pertsonak bezala».

Azken zatian aurrera begira bakoitzak espero duena azaltzen du. Gehienek kezka azaltzen dute eta aldi berean esperantza. Kalean, jendeak ematen dien babesa ere esker­tzen dute. Eta honakoak dira hainbat adierazpen: «Guk ho­rre­la jarraitzen badugu aurrera, pausoak emanez, eurek ere pausoak eman beharko dituzte»; «Zerbait lortu behar badugu, denon artean lortu behar dugu. Denok gure ale­txoa jarri behar dugu»; «Kos­ta­ko da, baina lortuko dugu etxera ekartzea».

Uribetxeberriaren kasua
Dokumentala orain dela hilabete aurkeztu zen eta hilabete honetan zehar egoera aldatu egin da, batez ere, Iosu Uri­be­txe­berriari dagokionean. Pre­so arrasatearrak minbizi terminala du eta abuztuaren 8tik gose greban dago Do­nos­tiako ospitalean, bere askatasunaren alde. Espetxeetako Zuzen­da­ritzak ostiralean erabaki zuen Uribetxeberriari hirugarren gradua ematea eta orain Audientzia Nazionalak erabakiko du zer egingo duten. Uribetxeberriarekin eta gainerako gaixo larriekin elkartasunez egiten ari diren protestak eta gose grebak asko dira egunotan.

Bertso saioa, gaur arratsean

Protesta ekintzak segi egiten dute, Uribetxeberriaren as­ka­­tasuna eskatzeko. Gaur, kontzentrazioa izango da, egunero bezala, 10:00etatik 22:00e­ta­ra, Donostia Ospita­laren aurrean. Horrez gain, bertso saioa izango da, 18:00etan.

Gaixo larriak

  • Iñaki Etxeberria
  • Iosu Uribetxeberria
  • Iñaki Erro
  • Jesus Mari Mendinueta
  • Jose Ramon Lopez de Abetxuko
  • Garikoitz Arruarte
  • Inma Berriozabal
  • Gotzone Lopez de Luzuriaga
  • Jose Miguel Etxeandia
  • Jose Angel Biguri
  • Isidro Garalde
  • Txus Martin
  • Aitzol Gogorza
  • Josetxo Arizkuren
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!