Bost egun eta bost gau festarako, Umore Ona Elkarteak suziria botatzen duenetik

Kronika - Erredakzioa 2012ko abu. 14a, 02:00

Umore Onari eman zaio orea suziria botatzeko ohorea, eskertuz, herriari egiten dioten zerbitzua. Gaur 12:00etan hasiko dira ofizialki jaiak, aurten ere, nobedade asko dituztenak. Lehenengo nobedadea gaur, gazte bazkariaren ondoren, desafioak, tabernaz taberna: ‘Desafiazank ruta tabernitikoa’.

Aurpegia berrituta igoko da Udaletxeko balkoira Umore Ona Elkartea gaur, 12:00etan, festei hasiera ematera. Obrak egin berri dituzte elkartean, zuzendaritza ere aldatu da, eta indarrean da herriko talderik mugituenetakoa. Hainbat ekitaldi antolatu, eta beste hainbat antola­tzeko laguntza ematen du Umore Onak, eta lan horixe eskertu nahi izan diote Jai Batzordeko kideek, festa hasierako suziria botatzeko ohorea emanda.

Urterokoak eta nobedadeak
Urteroko ekitaldiak, eta nobedadeak dituzte, bost egunetan. Gaur gazteen egunean dute lehendabiziko nobedadea. Bazkal ondoren desafioak egingo dituzte, tabernaz taberna, erronda egiten duten bitartean. Desafiazank, ruta tabernitikoa deitu diote, eta 17:30ak aldera izango da. Bihar Amabirjin Eguna, ekin­tza gehiena dituen eguna da, dianarekin hasi goizean, eta txarangarekin bukatu ordu txikietan. Tartean, Aimar Olaizola pelotaria omenduko dute, 12:30etan, afizionatuen pelota partiduen aurretik. Sagardo Eguna dute ostegunean, gero eta sagardozale gehiago biltzen dituen Sagardo Probaketarekin, beste hainbat ekintzaren artean. Probaketa 12:00etan da.

Bakailo lehiaketa, eguerdian saltsa jarriko duena
Ostiralean Bakailo Lehiake­tak jarriko dio saltsa Goizue­tari. 25 bat lagun ariko dira Plazan bakailoa jartzen, de­nak ingrediente berdinekin: bakailoa, olioa, baratzuria, piper gorria eta perrexila (Udalak jarriko ditu). Zenbat eta goxoagoa egin hobe, gero bazkaltzeko huraxe izango baitute partehartzaileek. Ba­kailoak saltsa, eta dantzariek piper mina. Umore Ona taldearen dantzaldia izango da 18:00etan, azken urteetan arrakasta izan duen ekitaldia, eta aurten ere ostiraleko ekitaldi nagusienetako espero dena.

Garai zaharrak berritzen
Peñen Egunarekin bukatuko dira festak, eta Goizuetak 25 urte atzera egingo du, sekulako pelotari remesa eman zuen garai batera. Herriko lau pelotari beteranok partidua jokatuko dute, 13:00ean, Goizueta-Arano partiduaren aurretik. Gailur gailurrean ibilitako lau pelotari, hainbeste urte eta gero, animatu egin dira elkarren kontra jokatzeko: Iñaki Lujanbio eta Joxenton Apezetxea ariko dira, Juantxo Apezetxea eta Buruxuriren kontra. Besteak beste, Lujanbio munduko txapelduna eta txapeldun olinpikoa izana da binaka, eta Juantxo Apezetxea munduko txapelduna, banaka. Umore Ona Peñaren bazkaria eta kalejira berezi-berezia arratsaldean izango dira, eta jaien bukaera ofizialean ere jende asko espero da, 00:00etan, ohitura berria izanagatik, beti bildu baita jendetza udaletxe aurrean.

Goizuetako Amabirjinak abuztuaren 12tik 18ra

Abuztuak 14, gaur Gazte Eguna
12:00: Txupinazoa, Umore Ona Elkarteko kidek. Erraldoi eta buruhaundiak (trikitilariak - ibilbidea Txinotik) eta gero Brindisa txosnan.
14:30: Gazte bazkaria.
17:30: Desafiazank ruta tabernitikoa.
18:00: Zezenak.
19:30: Peñan irteera.
20:00: Gaztetxeko txupinazoa.
00:00: Dantzaldia Gabezin taldea.
Ondoren, Txaranga.

Abuztuak 15, bihar Amabirjin eguna:
07:00: Diana dultzaineroekin.
08:00: Entzierroa.
10:30: Meza, gaitero eta dantzarikin.
12:30: Aimar Olaizolari omenaldia. Afizionatuen partiduak, eta umenak.
13:00: Erraldoiak eta buruhaundik.
18:00: Zezenak (Lastur).
19:30: Bertso saioa, gai librean: Sebastian Lizaso, Julio Soto eta Iker Zubeldia.
22:00: Afari herrikoia Umore Ona Elkarten.
22:00-02:00: Dantzaldia Bide Batez taldearekin.
01:00: Kalejira Igandea txaranga.
03:00: Txaranga.

Abuztuak 16, osteguna Sagardo Eguna:
11:00-14:00: Puzgarriak.
11:30: Toka.
12:00: Sagardo dastaketa.
16:00-18:00: Puzgarriak. Bertan, napolitanak banatuko dira.
16:00: Mus Txapelketa Iskibin.
18:00: Zezenak.
19:30: Pilota: Aspeko pilotariak: Apezetxea-Peñagarikano/Mendizabal III-Cecilio. Eta Afizionatuak 4 1/2
22:00-02:00: Dantzaldia Gabezin.
02:00-04:00: Karaokea Gaztetxean.
03:00: Txaranga.

Abuztuak 17, ostirala:
11:00:
Buruhaundi eta erraldoiak.
12:00: Bakailo lehiaketa Prestatzen.
13:00: Bakailo lehiaketa Epaia.
13:30: Txaranga.
18:00: Dantza - Herriko Dantzariak (Umore Ona).
Ondoren, Berbena Laiotz-ekin (I).
00:00, Berbena Laiotz-ekin (II).
Ondoren, Txaranga.

Abuztuak 18, larunbata Peñaren Eguna:
08:00: Entzierroa.
12:30: Txaranga.
13:00: Pilota: Herriko Beteranoak: Iñaki Lujanbio-Joxenton Apezetxea/Juantxo Apezetxea-Buruxuri.
Ondoren, Goizueta-Arano
15:00: Peñaren bazkaria
17:00: Peñaren irteera, kalejira kalez-kale, txarangarekin.
Ondoren, Zezenak.
Ondoren, Berbena Laiotz-ekin.
00:00: Jaiei bukaera ofiziala.
00:30: Dj BULL Gaztetxean.
Ondoren, Txaranga.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!