Berezia izango da zuretzako pelotan jokatzen ikasi zenuen frontoian omenaldi hau egitea, ezta?
Bai, zalantzarik gabe, eskertzekoa da horrelako omenaldi bat jasotzea. Ez da herrian egiten didaten lehenengoa, eta nik uste dut hori beti dela eskertzekoa. Goizuetako festetan egun berezia da gainera hau, eta detaile oso polita iruditu zait; ilusio berezia egiten dit. Azken finean, horrek erakusten du herria hor dagoela zure atzetik.
Goizueta herriak zein garrantzia izan du zu pilotari izateko?
Dena izan da, edo asko behintzat bai. Kontuan izan behar da herri txiki bat dela, eta lehen, ni haurra nintzenean, jada bazeuden hiru frontoi kirol honetan aritzeko, eta nik uste dut horrek zer ikusi handia izan duela niregan. Gainera, lehen esandako moduan afizio handia dago kirolarekiko, haur ginenean ere pilotariak bazeuden herrian, eta nik uste dut horrek guztiak eragiten duela batek gerora afizioa izateko.
Azken lesiotik atera ostean inoiz baino indartsuago zaudela dirudi. Lesio horren ondorioz izandako atsedenak mesede egin al dizu?
Pilotariek beti diogu, lesioak ez direla inoiz ongi etortzen. Nire kasuan, lesio hartatik irten nintzenetik ez dakit inoiz baino hobeto nabilen, baina izan ditudan emaitza onenetakoak lortzen ari naizela bai; txapela asko irabazi ditut, ia final guztietan egon naiz. Ez dakit ongi etorri zaidan atseden hori ala ez, baina esan liteke lesio horren ondoren zorte ona izan dudala.
Momentu onenetako bat bizitzen ari zarela esan genezake?
Bai. Onenetakoa, eta agian onena ere bai. Azken lau t’erdikoa eta buruz buruko txapelketak irabazi ditut, eta azken urtean ematen ari naizen maila eman dudan onenetakoa da.
Esan daiteke Juan Martinez de Irujo izan dela zure etsai zitalena azken urteetan, azken partiduak ikusita, ‘trukoa’ harrapatu diozula dirudi.
Ez dakit, nik uste dut aurkari asko daudela. Garbi dago azken urteetan Irujo eta ni elkarren aurka asko aritu garela partidu garrantzitsuetan, eta biontzako hori garrantzitsua da, horrek azken finean esan nahi duelako biok goian gabiltzala. Baina horretaz gain, azken partiduetan zorte ona izan dut buruz buru eta lau t´erdiko txapelketetan. Garbi dagoena da bera izugarrizko pilotaria dela, eta nik azken partiduetan izan dudan ratxa on hori edozein unetan alda daitekeela. Niretzako garrantzitsuena da, gaur egun orain arte bezalaxe jarraitu, eta maila ona ematea.
Jendeak dio inoiz baino Aimar agresibo edo gogorragoa ikusten duela frontoian. Hala dela uste al duzu?
Agian buruz burukoan aldatu dut pittin bat jokatzeko era. Hortaz aparte, azken urteetan berdintsu jokatzen ari naizela uste dut. Zorteak eta konfiantzak asko eragiten du eta horrek zer esan handia izaten du gainera. Nik uste dut azken lesio hartatik atera nintzenetik konfiantza handiarekin ari naizela jokatzen, eta hori gero kantxan transmititu egiten da ezta? Konfiantzagatik gauzak errazago egiten dira.
Aurrera begira nor ikusten duzu indartsu, etorkizunean etsai moduan izango duzuna?
Asko daude, nik uste dut zaila dela bat esatea. Pentsatzen dut kirol guztiek behar dutela atzetik gazteak gogotsu aritzea, eta nik uste dut pilotak ere hori behar duela, eta garrantzitsua dela kirol honentzat ere. Pilotari gazte asko daude, 20-22 urte bitartekoak, oso ongi jokatzen ari direnak, eta normala den bezala geroz-eta gehiago estutuko gaituzte. Hori, dena dela, denontzat da ona; bai pilotarentzat, bai enpresentzat, eta baita jendearentzat ere.
Nola ikusten duzu Goizuetan pilotaren etorkizuna?
Goizuetan afizio handia dago. Orain ere badira oso ongi jokatzen ari diren pilotari gazteak; Jon Apezetxea edo bere anaia besteak beste. Eta badira 10-12 urtetik gorako gaztetxoak oso ongi dabiltzanak. Ni ziur nago hemendik urte batzuetara profesionalak izango direla, eta maila ona emango dutela, eta ea horrela den gainera.
Zenbat urterako dugu Aimar?
Ez dakit. Nik azken aldian beti nioen gaur egun dudan kontratua behintzat amaitu nahi nuela, 39 urterekin amaituko da. Baina momentu honetan ez dakit. Orain momentu onean nago, lesioek errespetatu behar naute, eta ni behintzat saiatuko naiz lesiorik ez badut eta gorputzak aguantatzen badit ahal bezain beste urtez jarraitzen.