Arano herria gizaldiz gizaldi bizitu da lurraren emaitzetatik. Bere herritarren jarduera nagusia basetxean edo borda (Naparro alde honetan horrelaxe deitzen zaio baserriari) inguruan zen, hor ateratzen zuten bizimodua aurrera, gure aurreko aranoarrak. Haratz! zer dion lehengo mendeko paper zahar batek (Julio Atadill-en liburutik jasoa 1910 urtean). Naparroko lurralde honen etxe kopurua da 87 eraikuntzakoa. Era honetan banatzen dira: 51 etxe, herriari dagozkionak; 12 etxe, Suro auzoan; eta barrutian barraiaturik 24 baserri. Gainetik 39 borda koxkor eta aterpe, aziendantzako. Biztanleen aldetik honelako berria dakarki liburukoteak: zerrenda 428 laguneko taldeak osatzen du. Herrian bueltan 201 gizaki. Suro auzunean 55, eta gainontzeko 182 bizilagun, inguruko baserrietan. Kalebaserrietan zein urrutiko baserrietan kanpoko langintza besterik ez zegoen mugako alderdi honetan. Ekintza guzti horien artetik udazkeneko bat gogorarazi nahiko nuke gaurko idazlanean: sagardogintza. Eta adibide gisan edo hizketagaitzat gure baserriko tolare zaharraren kondairatxoa hartuko dut. Hasi baino lehen esan, Aranon tolareak zorioneko onttok baino ugariagoak zirela. Esate baterako, Suro auzoan 12 etxe (borda) baldin baziren, bost etxetan tolareak aurkitzen ziren, eta bide batez sagardoa egiten zuten; tartean gurea. Hauetxek, etxe horien izenak: Gaztazkoborda, Beltxekoborda, Larrenborda, Maitzikoborda eta Martzenekoborda. Horietatik aparte, Arranbide, Abaño, Askatsu (kamiño ondoko benta-ostatu-tabernak), Ezkerrenborda, Lontxonborda, Larratxurin (hauetan oraindik sagarnua egiten dute), eta herrian desagertutako Olason ere denetan tolareak baziren eta badira. Tolarerik ez zutenak tolarea zuten baserrietara joaten ziren sagardoa egitera. Sagarra txikitu, prentsatu eta muztioa eramaten zuten, barrikan.
Sagarretik sagardora bidean, egurrezko tolarea
Martzenekobordan garai batean egurrezko tolarea zuten gure aurrekoek. Prentsak intxaur egurrezko bi ardatz zituen eta marrazkian ikus dezakegunez zola egurrezko mandio baten gainean sagardo-sagarra zanpatzen zuten. Noski, pixoi (gaur matxakak ordezkatu du) haundi batzukin jo ezkero. Martzenekobordako tolarea marrazkiaren berdin berdina zen. Saihetsetan kartolak (kantalera izenekoak) edukitzen zituen prentsa mota honek, sagarrak alde egin ez zezan. Ziri batzuek kantalerei eusten zieten, prentsa edo estutzeko garaian. Bi abe (etxetako igogailuen karrilak bezalakoak) zutitakoak deiturakoak, non hoietatik bi ardatzen abe nagusia jeixten zen. Behean, giltzak, patsolen gaineko zurak, estutzen juaten ziren, mantso-mantso. Hau dena haga baten bidez martxan jartzen zen, sartzen zen ardatzen zuluetan, aurrena ardatz bat pixkat jeixten zuten eta gero bestea. Gero tolareak kanal batzuk (oriyak) bazituen, 4 generalki, sagar gainean eta azpian eta horietan muztioak korritzen zuen, bukatzeko tina batean. Tinatik barrika edo kupelera ixurtzen zuten sagar-zumo hori, ondo iyazkitik (iragazki, pasadore) pasa ondoren.
Ospe oneko sagardoa, Martzenekobordan
Sagardogintzan erabiltzen zituzten sagar klase batzuen deiturak dakarzkit segidan, interesgarriak direlakoan: Goierri-sagarra, patzolua, gezazuria, urdaniturri, merkelin sagarra... gezan aldetik. Gaziak berriz: Haritz-sagarra, txalaka, errege-sagarra... Gure etxeko tolare hau atari ondoko txabolan zegoen. Gaur egun eraikuntza horreri tolaria esaten zaio. Antigualeko tresneri honetan bi karga t’erdi sagar, hiru karga, sartzen zituzten etxekoek joaldiko. Karga bakoitzak 240 kg ditu; sei zaku (40 kg zakuko) alegia. Bost, sei hilabete igaro behar zituen sagar muztioak barriketan, gero sagardo berria enboteilatu ahal izateko. Sagardoaren lehenbiziko fermentazioa edo irekinaldia kupela barruan izaten zen, eta bigarrena botila barruan. Herriko lagun andana biltzen zen Martzenekobordan sagardo berria probatzera. Fama edo ospe ona zuen etxeko sagardoak aranoarren artean. Orduko kontuak!!
Tolaregilea: Juan Bautista Narvarte aranoarra, Gasteizen arotz ikasia
Tolare honen harira, aitatu bere egilea senditarteko Juan Bautista Narvarte y Olaizola izan genduela. 1811an jaioa, Suroko semea eta oraingo aitona Pedro Narvarteren birraitona. J.Bautista hau baserritarra izateaz gain, lanbidez zurgina edo arotza zen, eta egur-ikasketak Gasteizko hiriburuan burutu zituen, garai hartan zurgin edo zura arloan ospe haundiko eskola baitzen Arabako hiri horretan. Uztarri, kutxak, zizailuak, baulak eta abar luxe bat moldatzen zituen aiton honek, oraindik orain, etxean konserbatzen ditugu bere lanabesak (erramintak) eta lanerako bankoa. Gure uste osoa da berak eratuko zuela egurrezko tolarea. Pipiak jan zuen azkenean, eta erabat ondatu zen. Etxeko idazki zaharretan azaltzen dira aiton hori (80 urtekin) eta tolarea (Leitzan, 1891-I-15). Honekin batean paperetan ere azaltzen dira etxeko erlauntzak, behiak, ardiak, maindireak, altzariak... bakoitzari zegokion salneurriarekin. Badirudi etxeko seguro baten inbentarioa dela. Lursailen izenak eta neurri eta mugak ere nabarmen dira paper hauetan. Antzinako tolarearen aipamenak San Martingo jai batzutan izan ziren. Beltxekobordako aitonak zioen, Aranoko zaharrena izan zela eta pipiak izorratu zuela.
Orain ere, sagardoa Aranon
Tolare hura aspaldian galdu zen baina beste makinaria klase batekin sagardoa egiten dugu, sagardo oso polita gainera. Gure antzera, Lontxonborda, Ezkerrenborda, Larretxuri, Bordaxar eta Plazakoak sagardo bixiak egiten dituzte, txinparta dutenak eta edanerrexak. Ohiturak irauten du eta urtero legez herriko festetan sagardo dastaketa (probaketa) izaten da.