«Etxera etortzen zaizkigu erostera, gure tomateak gusto haundia omen duelako»

Kronika - Erredakzioa 2012ko abu. 12a, 02:00

Victoria Carreterok lurretik bizi nahi du, eta bere buruaren nagusi izan. 2009an, krisi bizi-bizian, Jauregin terrenoa lortu, negutegia jarri, eta Labeleko tomateak hazitzen hasi zen. Jo eta su lanean harrapatu ditu Kronikak bera eta Ruben Painenao kidea.

Elkarrizketa egiten hasi, eta segituan iritsi dira lehenengo bisitariak. «Kanpinean probatu genituen, eta izugarri gustatu. Gusto berezia dute». Kaja bat eraman dute, 5 kg-koa, tomate ederrez bete betea, prezio ederrean. «Ahoz aho zabaldu da, eta gero eta gehiago etortzen zaizkigu bertara, tomate bila».
Piperra, baina, piper-mina ere badituzte, baina batez ere tomateari begira daude. Vic­to­ria Carretero eta Ruben Pai­ne­naok Eusko Label tomatea haz­ten dute, 1.200 m2ko ne­gu­tegian, eta oraintxe dute lanik haundieneko garaia. Ilusioz ari dira. Aurten dute laugarren uz­ta, 2009an hasi baitziren, eta ametsa, terreno gehiago lortu, eta produkzioa haunditzea.

Lurgozo, bi nekazari
berriren ametsa

Bat Toledokoa eta bestea Txilekoa; eta biak Hernanin, Jauregi bailaran, Labeleko to­ma­teak hazten. Lurgozo izeneko esplotazioa dute, eta 1.200 m2-ko inbernaderoan hazten di­tuz­te tomateak. Saldu, Her­­nanin Eroski City-ri (El­ka­­no kalea) eta Tamer ta­ber­nari. Hortik aparte, Mer­ka­Bu­gatin saltzen dute, eta baita etxean bertan ere.
Victoria Carreterok bakar bakarrik hasi zuen bidea, krisi bizian, 2009 urtean. Zabalegin kurtso bat egin, eta buru-belarri sartu zen proiektuan. Zailtasunak, asko: lurra bila­tzea, kreditua lortzea... Ruben Painenao geroxeago hasi zi­tzaion laguntzen, bera ere kurtso berdina eginda, praktikak egitera joan zitzaionean. Lehendik ere El Ejidon eta Txilen nekazaritzan arituak ziren lanean, baina orain, espezialista bihurtu dira, batez ere, tomate kontuetan.

Zergatik tomatea,
eta zergatik labelduna?

Carreterok dio produktu bakar bat aukeratu behar-eta, tomatea dela onura gehien ematen duena. «Eta Eusko Label egiten hasi ginen, kalitatea ziurtatzen duelako eta gure filosofiarekin bat egiten duelako; eta noski, nahiko ondo saltzen delako».

Egunero, 500 kg inguru
Lurgozon 2.000 landare dituzte, Jack barietatekoak, eta batez beste, egunean 500 kg inguru tomate biltzen dituzte. Aurten, lehenengoz, landareak txertatuta erosi dituzte, eta indar­tsuago ikusten dira, besteak baino. «Egun guztia pasatzen dugu hemen. 2-3 ordu landarea kimatzen edo ‘arintzen’. Beste hainbeste tomatea bil­tzen, klasifika­tzen... eta beste ordu asko, batera eta bestera banatzen... Urtean, 15.000-20.000 kg bil­tzen ditugu, gutxigorabehera».

Tomate urte ona aurten
Urte ona omen da aurtengoa tomatearentzat. «Ez dugu ia landarerik tratatu, eta hori oso positiboa da», dio Paine­naok. Kalitatezko zigilua lortu ahal izateko kontrol zorrotza daukate oso, baina hareago joan nahi dute Lurgozo enpresan. «Gaitzei aurre egiteko erremedio ekologikoak erabiltzen di­tugu, alegia, zomorroak zomorroen kontra; bo­rroka integratua esaten zaio horri».
Gainerakoan, sistema hi­dro­ponikoa darabilkite. Lan­darea poltsa batzuetan egoten da, eta hara botatzen dizkiote, tantaka, bitaminak eta mineralak. «Sistema hi­dro­ponikoa da onena. Askoz kontro­la­tua­go daukagu dena: ur ge­hie­gia, ur falta, mineral kantitatea... Guk egunero kon­tro­latzen dugu PH-a, konduktibitatea,  Brix maila (to­ma­tearen gozotasuna neurtzen duena)...».  

Bertakoa, onena
Kanpotik tomate asko eta oso merke iristen den garaiotan, Lurgozotik dei egiten dute, bertakoaren aldeko apustua egiteko. «Guk tomatea biltzen dugu bere puntuan dagoenean, eta ez du tratu-txarrik har­tzen, bidaian eta abar».
Lurgozo dago Jauregi bailaran, Pittikar baserriaren atze­kaldean. Informazio ge­hi­ago: 639 134 399.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!