Goizuetako jaiei hasiera emango dien txupinazoa asteartean, Amabirjin egunaren bezperan botako du Umore Ona elkarteak. Baina aurretik, bi egunetan ere izango da zertaz gozatu. Urtero bezala, igandearekin, Umeen eguna antolatu dute eta bihar eurentzako ekintza ugari izango dira. Aurten gainera, lehenengo aldiz, Diana eskainiko dute herriko umeek osatu duten Irumaita txarangarekin.
Aurorak, bihar goizean
Bihar Umeen eguna bada ere, helduei zuzendutako ekintzak ere izango dira. Esaterako, 08:00etan, Aurorak izango dira Goizuetako Umore Ona eta Ereñozuko Ozenki abesbatzen eskutik. Edonork hartu dezakeela parte azaldu dute eta gonbitea luzatu dute.
Bestalde, egitarauan azaltzen ez bada ere, astelehenean Jon Maiaren Gazta zati bat dokumentala eskainiko dute 12:00etan, plazan. Beraz, larunbatera bitarte egunero izango dira ekintzak. Festei buruzko informazio gehiago: www.goizutakofiestak.com.
Biharko egitaraua:
08:00 Aurorak Goizuetako
Umore Ona eta Ereñotzuko Ozenki abesbatzekin.
09:30 Diana, `Irumaita´
umeen txarangarekin.
11:00 Meza.
12:30 Umeen pilota partiduak.
14:00 Umeen bazkaria
ikastolan.
17:00 Zezenak eta poniak.
18:00 Haurrentzako berendua.
18:30 Espuma festa.
Ondoren, Disko-Festa
DJ Txokorekin.