Urtero bezala, Saharako errefuxiatu kanpamentuetatik hainbat haur saharar etorri dira Hernanira, bertako familiekin uda pasatzera. Hain zuzen, 7 neska-mutil etorri dira aurten. Bi hilabetetarako etorri dira eta iritsi zaie agurtzeko ordua. Hori horrela, agur festa ederra prestatu dute gaur. Goizeko 10:00etatik aurrera, Haima moduko bat jarriko dute Plaza Berrin eta eguerdira bitarte ekintza ezberdinak izango dira: haurrek egindako pultserak egongo dira (borondatearen truke eskuratzeko aukera izango da), euren jantziak, kanpamentuetako argazkiak... Horrez gain, te goxoa prestatuko dute, basamortuko jolasak eta denbora pasak erakutsiko dituzte eta gerturatzen direnei hennaz margotuko dizkiete eskuak eta euren izenak arabieraz nola idazten diren erakutsiko diete. Festa irekia da eta herritar guztiei luzatzen diete gonbidapena bertara hurbiltzeko eta parte hartzeko.
Tolosako agur festara joateko deia
Hernanin bezala Euskal Herriko beste hainbat herritan ere pasatzen dute uda Saharako haurrek. Tolosan, esaterako. Bertan agur festa antolatu dute abuztuaren 17an eta Hernanitik dei egin dute bertara joateko. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera, haur jolasak, ekitaldi politikoa, kalejira, herri afaria eta kontzertua izango dira (Nuyum Saguia saharar musika taldea). Afarira joan nahi duenak abuztuaren 14a baino lehen deitu behar du: 645 710 789 edo 654 407 200. Prezioak: helduek 18 euro; haurrek 8 euro.