Goizeko 10:45 eta 32 gradu. Horixe Hernanitik Ereñotzurako bidean, atzo, termometroan ikusitakoa. Gaur bero haundiagoa izango omen da; bero jasanezina. Dena dela, bada beroari aurre egiteko erremedioa. Ereñotzutik Goizuetarako bidean, Urumea errioak aukera ederra ematen du horretarako. Eta bertan badira bi toki egun pasa ederrak egiteko prestatuta: Bordatxo, Latxe aldean, eta Ugaldetxo. Kronika Bordatxon izan da.
Jendea, eguraldi onarekin eta bero haundiarekin
Errio ondoan belaze ederra, mota ezberdinetako zuhaitzen babesa, mahaiak, taberna... Familian edota koadrilan egun pasa joateko leku aproposa da Bordatxo, eta urtetan izan da euren txoko. Arantxa Lizaso eta Jose Luis Martikorena dira bertako jabeak, gaur egun. Orain dela 12 urtetatik dabiltza bertan lanean. Eñaut eta Miren seme-alabek ere laguntzen dute. Gainera, semeagatik joan omen ziren bertara, leku irekiak baitzituen gustoko. Lizasok Kronikari azaldu dionez, eguraldi ona eta bero haundia egiten duenean izaten da batez ere jendea eta egun hauek aproposak izaten ari dira. «Uztailean ez du eguraldi onik egin orokorrean eta jende gutxi ibili da. San Inazio egunean egin zuen oso ona eta orduan bai, izan zen mugimendua. Egun hauetan egiten ari den eguraldiarekin ere jendea animatzen da. Bestela, 10-12 bat ibiltzen dira aste tartean-eta», dio.
Donostialdetik, gehienak
Bertara joaten direnak, batez ere, Donostialdekoak direla azaldu du Lizasok: «Herrera, Altza, Trintxerpe... Donostialdetik etortzen da jende gehiena. Pasaiatik ere bai eta Goierrikoen artean ere bada joera». Hernaniarrak gutxi ibiltzen omen dira. «Arratsaldetan bakar batzuk etortzen dira umeekin, baina igerilekuak ere badira eta nahiago izaten dute hara joan». Orokorrean familiak izaten dira bertara egun pasa joaten direnak bazkari eta guzti. Baina azken aldian 18-23 urteko gazte koadrila dexente ere badabiltzala nabarmendu du Bordatxoko jabeak. Gaineratu duenez, arrantzale askok du bertara joateko ohitura. Itsasoko ur gaziaz nazkatuta joaten omen dira. Eta arrantzarako ere aprobetxatzen dute zaletuek. Amuarrainak harrapatzen dituzte. Umeak salabardoarekin ere aritzen dira.
Ohiturak aldatuz
Gaur egun jendea ibiltzen bada ere, ohiturak aldatu egin direla azaldu du Lizasok: «Lehen goizeko 08:00ak 09:00ak ingururako jendea zain egoten zen noiz zabalduko. Orain batez ere, eguerditik aurrera azaltzen da jendea».
Leire, Uxue eta Aritz, Donostiatik
Atzoko beroari aurre eginez, hainbat lagun ikusi zitezkeen Bordatxon egun pasan: familiak, lagun koadrilak, bikoteak… Horien artean ziren Leire, Uxue eta Aritz donostiarrak. Azken hau lehendik ere egona zen eta berak proposatuta animatu ziren beste biak. Eta iritsi berri, lehenengo inpresioa oso ona izan zela azaldu zioten Kronikari: «Berotik ihesi etorri gara; hirian ezin da egon. Hemen primeran gaude: gertu dago, mahaiak daude, itzala, ura, komuna, taberna, lasaitasuna… zer gehiago behar da!». Txoko eder honekin gozatzeko aukera izango da abuztu bukaera arte. Eta eguraldiak laguntzen badu, baita iraileko asteburuetan ere.