Titanic-eko kotxea puntu-puntuan, ehun urte eta gero

Kronika - Erredakzioa 2012ko abu. 9a, 02:00

1912ko apirilaren 10ean New Yorkeko portuan zen Brush 1909 automobila. Sei egun beranduago Titanic itsason­tzian Londresera eraman zezaten zain zegoen. Jakina den bezala, bidaia hori ezin izan zuen egin Titanic itsasontzia hondoratu egin bai­tzen. Azkenean, bidaia, 10 egun beranduago egin zuen Olimpic itsasontzian. Espero bezala, Europan zehar aurkeztu zen garai hartan kotxe berritzaileenetakoa zena. 

103 urte pasa dira ordutik eta Titanic Fundazioak atzo aurkeztu zuen kotxea pren­tsaurrean, guztiz berritua. Astigarragako Mena karrozeriak izan du kotxea errestauratzeko ardura eta bertan egin zen aurkezpen ekitaldia. Ateratzen duen motor soinua entzuteko aukera ere izan zen, kotxea bai baitabil. Kotxea aurkeztu ondoren, Kate Winslet aktoreari bidaliko dioten Titanic-eko Cham-pagne botila erakutsi zuten.

3 urtetako bilaketa lana
Jesus Ferreiro Titanic Fun­dazioko presidenteak azaldu zuenez, hiru urtez aritu ziren kotxea bilatu nahian. Kotxea­ren datuak bazituzten eta azkenean internet bidez topatu zuten jabea: bildumagile frantses bat. Fundazioak ko­txea erosi ostean, berritzeko bidean jarri zuen oso egoera tamalgarrian baitzegoen. Estatu guztiko tailerren artean, Astigarragako Menara eraman zuten. Bertan aritu dira lanean urte eta erdiz eta egindako lana goraipatu zuen Ferreirok: «Lan taldea zoriondu nahi dut egin duten lana ikaragarria izan baita. Dena desmontatu dute eta benetako maisu lana egin dute».

Eskuz egin beharreko lana
Mena familiarena da tailerra eta Axier Mena bertako semeak eta langileak egindako la­naren xehetasunak azaldu zi­tuen: «Kotxe berezia da, piezak txikiak dira eta gaur egungo erremintek ez dute balio. Eskuz egin behar izan da de­na, erloju bat montatzen den bezala». Enpresarentzat ohore bat izan dela gaineratu zuen.

300.000 euroko balioa, gaur egun
Kotxea 1909an sortu zuten Brush anaien konpainian: Brush Runobout Company. Titanic-eko kotxeak bi per­tsonentzako lekua du eta arina da. 369 kilo pisatzen ditu eta bere karrozeria eta llantak egurrezkoak dira. Kotxea gelditzeko, mueileak erabili zituen lehenengo automobila izan zen. 32 km/h abiadura lortzeko gai da. Garai hartan 639 dolar balio zituen eta gaur egun 300.000 euroko balioa izango luke, gutxi gorabehera. 

Datorren astean erabakiko dute Bartzelonan dagoen Titanic-en erakusketaren par­te izango den edo Parise­ra eramango duten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!