Ekainaz geroztik, Hernanin dira 7 haur saharar: Fatimetu, Fatma, Mahfuda, Mohammed Salem, Abda-lahi, Buhari eta Zenabu. Urtero bezala, Saharako errefuxiatu kanpamentuetatik etorri dira bertako familiekin uda pasatzera. San Joanen aurretik etorri ziren eta abuztuarekin batera iritsi zaie bueltatzeko garaia. Hori horrela, agur festa ederra prestatu dute bihar. Goizeko 10:00etatik aurrera Haima moduko bat jarriko dute Plaza Berrin eta eguerdira bitarte ekintza ezberdinak antolatu dituzte. Bertan izango dira, besteak beste: haurrek egindako pultserak (borondatearen truke eskuratzeko aukera izango da), euren jantziak, kanpamentuetako argazkiak... Horrez gain, te goxoa prestatuko dute, basamortuko jolasak eta denbora pasak erakutsiko dituzte eta gerturatzen direnei hennaz margotuko dizkiete eskuak eta euren izenak arabieraz nola idazten diren erakutsiko diete.
Herritar guztiei parte
hartzeko gonbitea
Agur festa irekia da, hau da, herritar guztiei irekia eta haur sahararrek eta beraiekin ibili diren bi begiraleek dei egiten diete hernaniar guztiei azaldu eta parte hartzeko: «Gerturatu daitezela hernaniarrak, eta batez ere haurrak, ederki pasako dugu eta!».
Ekintza ugari
Urtero bezala, errefuxiatu kanpamentuetatik etorritako haur sahararrek ekintza ezberdinak egiteko aukera izan dute Hernanin, bi begiraleren laguntzarekin. Aurten Maialen Torres eta Ainara Ortega aritu dira zeregin horretan eta astelehenetik ostiralera goizero-goizero elkartu dira, hondartzara joateko, igerileku irekietara, Donostiara... Aurten gainera, igerileku irekietara nahi adina alditan joateko aukera eman die Udalak. Horrez gain, iaz bezala San Joa-netarako hemen ziren neska-mutilak eta herriko festez gozatzeko aukera ere izan dute.
Osasun azterketak
egiteko bidea
Oporrak Bakean programaren bidez etortzen dira haurrak Hernanira eta helburua da udako bi hilabete Saharako errefuxiatu kanpamentuetatik kanpo pasatzea. Hala, bertako tenperatura altuetatik babesten dira eta osasun azterketak egiten dizkiete hemen, besteak beste.