San Miguelen indarra nagusi

Kronika - Erredakzioa 2012ko abu. 8a, 02:00

San Miguelek 30-20 irabazi zion atzo Juaristiri Buruz Buruko Txapelketako ligaxkako partidua.

Julen San Miguelek zertarako gai den erakutsi zuen atzo Buruz Buruko Kutxa Txapelketako lehenengo partiduan, Jon Juaristiri 30-20 irabazita. Doneztebeko atzelariaren lehenengo partidua zen, baina sasoi betean dagoela argi utzi zuen. Hasiera-hasieratik nagusitu zen pelota jotzeko mo­duagatik eta indarragatik, nahiz eta Juaristi estu­tzen saiatu. Bien arteko aldea sakean egon zen eta San Miguelen indarrean. Juaristi beldurtu antzera ibili zen errestoan eta hainbat huts egin zituen. Sakeari eutsiz, San Miguelek lau tanto egin zituen jarraian eta 6-2 aurreratu zitzaion zarauztarrari. Aldea haundituz joan zen 15-5eraino, baina Juaristik ez zuen amore eman. Errestoan asmatzen hasi zen eta hiru tantotara jartzea lortu zuen: 18-15. San Miguelen momenturik txarrena izan zen, baina sakea berreskuratu zuenean, 19-15ean, ez zen hura gelditzerik izan 30era iritsi zen arte. Atzoko partiduaren ostean, Juaristik garaipen bat eta porrot bat ditu eta -2 tanteoan. San Miguelek, berriz, bere lehenengo garaipena lortu du eta 11 tanto ditu aldeko, tanteoan.

Gainerako emaitzak
Atzo beste hiru partidu jokatu ziren eta honakoak izan ziren emaitzak: Matxin VI-Aizpuru III 29/Urrutia II-Labaka 35; Zeberio II-Etxeberria III 40/Urriza-Ion 39; eta Ezkurra II-Olazar 24/Otaegi-Aizpurua II 30.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!