Hirigune historiko interesgarria, gertaera esanguratsuak, natura, sagardotegiak, festak... gauza askorekin gozatu liteke Hernanin, baina turistek aurrez ba al dakite nora datozen? Urtero bezala, Udalak Turismo bulegoa jarri du uztaila eta abuztuan zehar eta Maria Eizagirre da bertako arduraduna. Eizagirrek Kronikari azaldu dionez, jendeak normalean ez du aurrez Hernani ezagutzen. «Donostiatik gertu eta ondo komunikatua dagoelako etortzen dira turistak, batez ere. Izan ere, ostatu hartzea merkeagoa da hemen. Bide batez, herria ezagutzeko aprobetxatzen dute. Lehen bezala, leku aproposean dago Hernani», dio. Datuek ere hala erakusten dute. Hain zuzen, uztailan zehar eta abuztuko lehenengo astean 157 pertsonek jo dute turismo bulegora informazio eske. Aurreko urteetako datuekin konparatuta, aurten jende gutxiago ibili dela ikusi daiteke, baina jaitsierak badu arrazoia: «hasieran bertako jendea kuriosidadez ere etortzen zen bulegora, zerbait berria zelako eta bisita guztiak erregistratuta geratzen ziren. Orain nik turismoarekin zerikusia duten bisitak bakarrik apuntatzen ditut».
Ibilbideak, bisita gidatuak...
Hernanin ezagutu eta egin daitekeenari buruzko informazioa dauka eskura Eizagirrek. Ibilbideak, mapak, jatetxe eta nekazalturismoen gidak, parkeak, bisita gidatuak... Hiru bisita gidatu eskaini ditu dagoeneko hirigune historikoan zehar. «Lehenengo bisita 9 pertsonako talde batekin izan zen. Zaragozakoak ziren. Bigarren bisita 5 laguneko koadrila batekin izan zen. Valladolid, Ondarroa eta Belgikako lagunak ziren. Eta azken bisita, bi hernaniarrekin egin nuen».
Hernaniar asko, ibilbideez galdezka
Batez ere Euskal Herriko, Kataluniako eta Hego Ameriketako herritarrak etortzen direla azaldu du. Eta herriko informazioaz gain, inguruko herrietakoa ere nahi izaten dutela gaineratu du: Donostia, Astigarraga, Andoain (Leitzaran), Usurbil... Gipuzkoa osokoa. Hernaniarrak ere asko gerturatzen direla dio, batez ere ibilbideen inguruan galdetzera. «Mendian ibiltzeko zaletasun haundia dago hemen eta ibilbideen berri galdetzen dute askok». Orain arte hiru ibilbide prestatu ditu Udalak: Oindira bira, Sagardotegiak eta Santa Barbara. Dena dela, izan duten arrakasta ikusita, beste bederatzi ibilbide prestatzen ari dira. Ohiko turistez gain, bestelakoak ere izan ditu bisitan Eizagirrek: Done Jakue bidea egiten dabiltzanak seilo bila, Atez Atekoaren berri jakin nahi zuten turistak, eskaladarekin interesatutakoak... Sagardotegiei buruz, berriz, inork ez omen dio ezer galdetu oraingoz: «Txotx garaian ere informazio bulegoa martxan egon zen eta jende pila bat ibili zen. Udan, berriz, inork ez dit ezer galdetu. Egia esan, harrituta nago», dio.
Inguruko herrietako informazioa, aurten
Orain arte Hernaniri buruzko informazioa soilik aurkitu zitekeen Hernaniko Informazio Bulegoan, baina aurten Eizagirrek inguruko herrietako eskaintzak ere bildu ditu, turisten eskariari erantzunez. Horrez gain, berak bertan ez daukan informazioaren eta ekintzen berri ere ematen diotela azaldu du.
Jende gehiena, lainotua dagoenean
Eguraldiak eragina du Informazio Bulegora jotzerako garaian. Eizagirrek azaldu du zerua lainotua dagoenean azaltzen dela jende gehiena: «Egun aproposenak dira. Eguraldi onarekin jendeak hondartzara joan nahi izaten du eta txarrarekin ezin izaten da ezer egin. Tarteko eguraldiarekin izaten da mugimendu gehiena».
Ereñotzun ere, informazioa
Aurten Ereñotzun ere eskura jarri dute bertako informazioa. Irrintzi tabernan, bertako ibilbideak eta inguruko informazio turistikoari buruzko eskuorriak lortu daitezke. Horiez gain, Buruntzaldean, Andoainen (Informazio Bulegoa eta Leitzaran Bisitarien Etxea) eta Astigarragan (Sagardoetxea) daude informazio guneak.
Hernaniko Informazio Bulegoa (Biteri parean)
Ordutegia: Lanegunetan: 10:00-14:00 eta 17:00-20:00.
Igande eta jaiegunetan: 10:00-14:00. (Astelehenetan itxita).
Bisita gidatuak Hernaniko hirigune historikoan dohainik (egun bat lehenago izena eman behar da).
hernaniturismo@gmail.com
Ereñotzuko Informazio Bulegoa (Irrintzi taberna)
Ordutegia: Lanegunetan: 09:30-22:30. Astebukaeretan: 10:00-00:00. (Astelehenetan itxita).
Bertako mendi ibilbideak eta inguruko informazio turistikorako eskuorriak daude.