Orokorrean kalitate oneko airea arnasten dugu Hernanin, azken azterketek diotenez. Hernanin, eta beraz, kontaminazio bajua/ertaina dauka, legez arautzen den maximotik oso urruti.
Azken urteetan, Hernaniko hainbat lekutan makinak jarrita egon dira, airea neurtzen. Gaur egun, makina gehienak kendu dituzte, baina bat mantentzen da, Hernaniko anbulategi gainean. Makina horiek emandako datuak aztertu eta baloratu egin ditu Euskal Herriko Unibertsitateko Ingenieritza Kimikoko taldeak, eta konparatu egin ditu Buruntzaldeko beste herrietako datuekin. 2010 eta 2011ko datuak dira aztertu direnak.
Hiri bateko aire kalitatea
Hernaniko aire kalitatea ohizkoa da, hirigune batean. Trafikoak kutsatzen du airea batipat, baina industriak ere badu bere eragina. Dena dela, araututako kutsadura maximoetatik urruti dabil Hernani, orokorrean.
Partikula txikiak: PM10
Airea kutsatzen duten gai asko neurtu dituzte makina horiek. Taldeka banatu litezke gai horiek, eta horietako bat da partikula txiki-txikiena, PM10 deitzen zaie, milimetro bat baino ia mila aldiz txikiagoak dira, eta kalteak eragin ditzakete, batez ere biriketan. Normalean, trafikoak sortzen ditu partikula txiki horiek, baina baita industriak ere, edo zakarrak erretzeak...
Azken hiru urteetan, Hernanin jaitsi egin da PM10 kopurua. Burnia da partikula txiki horietan gehien azaldu dena, aurreko urteetan bezala. Zinc-a ere ageri da, baina askoz gutxiago, eta neurri beretsuan, manganesoa, kobrea, eta beruna.
Aeorosolak, edo COV-ak mantendu egin dira
Gas modura airean dabiltzan aerosolak ere neurtu dituzte azterketa honetan, 30 guztira. Hor, trafikoak eragiten dituenak dira nagusi, baina Hernanik baditu bi kantitate haundi xamarrean, industriatik datozenak: isobutilmetilcetona eta tetracloroetilenoa. Bigarren hori, maila egoki batetik gora dago, gutxi bada ere 0,20 maila egokia eta Hernanin 0,26 (µg/m3 neurria erabiltzen da gai hauek neurtzeko, oso-oso neurri txikia). Gainerako gai guztiak mugatik behera daude.
Aurreko urteetan bezala, toluenoa azaltzen da gehiena 3,94, eta gora egin du 2008tik. Interesgarria da benceno kopurua zenbat den jakitea ere, legez araututako bakarra delako, partikula hauetan. Arauak dio, benceno kopurua ezin dela pasa media honetatik: 5 µg/m3 urtean. Hernaniko media da: 1,06 µg/m3. Hala ere, 2008tik gora egin du benceno kopuruak Hernanin.
Kutsatzaile fisiko-kimikoak kantitate txikian
Kutsatzaile nagusiak esaten zaienak nahikoa kantitate txikian dabiltza Hernaniko airean: NO, NO2, O3, SO2... Gutxi azaltzen dira, eta gainera, gehienak gutxitu egin dira hiru urtetan.
Donostiako datuen parean
Orokorrean, Buruntzaldeko herrietan aire berdintsua arnasten dugu, eta hiriguneko aire kalitatea da. Donostiako datuen gisakoak ditugu Hernanin ere.
Astigarragak eman ditu kontaminazio daturik haundienak, baina neurri egokien barruan daude haiek ere. Gipuzkoako errotonda nagusiena bertan izateak eragin dezake hori, seguruenera.
Usaiak ez dira neurtu
Azterketa honetan ez dute neurtu aireko usairik. Ingurumeko batzordetik Kronikari jakinarazi diotenez, usaia izateak ez du esan nahi airea kontaminatuta dagoenik. Usaia neurtzeko beste azterketa bat egin behar da, kutsadurarekin zerikusirik ez daukana.