Sagardoa dastatzeko lekua eta taldea sortu ditu Gipuzkoako Diputazioak, Fraisoroko laborategian. Sagardogileek aukera izango dute, hemendik aurrera, beraien sagardoak Fraisorora eraman, eta han sagardoa nola dagoen jakiteko, itxura, usai eta zapore aldetik.
Sagardoa beste modu batera kalifikatuko da dastatze-lekuan. Usaia, zaporea eta itxura neurtuko dira, eta horretarako protokolo bat zehaztu dute, sagardogileek eta sektoreko teknikoek gidatuta. Orain, 20 dastatzaile aukeratuko dituzte 65 lagunen artean, eta horretarako formazio ikastaroak egin eta proba batzuk gainditu beharko dituzte.
Zer aztertuko da?
Aldez aurretik erabakita dago zer eta nola aztertuko den, denborarekin hau guztia egokitzen joan baliteke ere. Horretarako, taula bat egin dute, lau atal nagusitan banatuta: itxura (kolorea, itxura), usaia (indarra, benetakotasuna, kalitatea), zaporea (indarra, benetakotasuna, kalitatea, iraupena ahoan) eta inpresio orokorra (harmonia). Horren arabera, dastatzaileek esango dute sagardoari ze puntuazio ematen dioten. Puntuazioari begiratuta, atalik garrantzitzuena zaporea da. 0-tik 100 puntura arteko puntuazioa izango dute sagardoek.
«Etorkizuneko sagardoa»
Joan den ostegunean aurkeztu zuten Fraisoroko dastaleku berria, eta bertan ziren sagardogileak, Diputazioko eta Fraisoroko arduradunen artean. Gipuzkoako Sagardogileen elkartearen izenean hitz egin zuen Ibon Aburuzak azaldu zuenez, «tabla honek markatuko digu, etorkizunean ze sagardo modu egin behar dugun».
Koldo Lizarralde Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapeneko zuzendariak, eta Domingo Merino Fraisoroko laborategiko zuzendariak prentsaurrean esan zutenez, orain helburua da, dastatze-gune honek Egiaztapeneko Erakunde Nazionalaren (ENAC) ziurtagiria lortzea.