Euskal selekzioaren aldeko mendi martxa Astigarragara iritsiko da gaur

Kronika - Erredakzioa 2012ko abu. 3a, 02:00

Gaur iritsiko da Astigarra­gara Euskal Selekzioaren aldeko mendi martxa ESAIT­ek antolatzen duena. Aurten 12garren aldiz antolatu dute mendi martxa, eta Bidaxu­ne­tik (Behe-Nafarroa) Do­nos­tia­ra egingo dute martxa, bederatzi egunetan.

Astigarragan loa
Gaur, arra­tsaldeko 18:30-19:00ak aldera iritsiko dira Astigarragara, eta on­gi etorri ofiziala egingo diete udal or­dezkariek. On­doren herri afaria dute. Frontoian lo egingo dute, eta bihar abiatuko dira Donostiara, goizeko 08:30ak aldera. Azkeneko etapa mo­tzaxeagoa izango dute, 12:00ak inguruan iritsiko baitira Gipuzkoako hiriburura, Loiola, Egia eta Gros pasata. Han ere udal ordezkariek harrera ofiziala egingo diete, Donostiako Alde Zaharrean, Konsti­tuzio Plazan.

Selekzioaren Eguna, bihar
Hain justu, mendi martxaren bukaerak kointziditu egiten du Esaitek urtero antolatzen duen Selekzioaren Egunare­kin. Aurten Donostian egingo dute Selekzioaren Eguna, eta ekitaldi pila bat prestatu dituzte, egun pasa ederra egiteko, Euskal Selekzioaren alde. Ekitaldietan lehenengoa izango da, mendi mar­txan datozenei harrera. 

Aurten Nafarroan egin dute ia bide guztia
Esaiteko arduradunek erabaki dute, aurten Nafarroan egitea ia mendi martxa guztia, Na­fa­rroa konkistatu zutela 500­ urte bete direla eta. Bederatzi etapa egingo dituzte, eta horietatik zortzi Na­fa­rroan: «Bidaxunen hasiko ga­ra, Behe-Nafarroan. Han egin­go ditugu lau eta­pa: Aihe­rra, Irisarri, Doni­bane Ga­razi eta Aldude. Eta hor pasako du­gu sasi-muga, Na­fa­rroa Ga­raia­ra. Aldu­de­tik Arraio­­­tze­ra eta han­dik Igan­tzira. Eta handik Gipuzkoara iritsiko gara, Astigarragan lo egin eta Donostian bukatzeko».

Hernaniarrei deia, azken egunean parte hartzeko
Azken etapa izango da mo­tzena, aurreko egunetan 8 or­du ibili baitira egunero (25-30 km inguru). Antolatzaileek dei egin diete hernaniarrei, Astigarragatik Donostiarako etapan parte hartzeko, edo bestela Selekzio Egunera joateko, Donostiara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!