Sei pelotari onenak abuztuan, banakako 30garren txapelketaren bila

Kronika - Erredakzioa 2012ko abu. 2a, 02:00

Galarretan jokatuko dira 9 partiduak, abuztuaren 4an hasita. Koteto Ezkurrak 12garren txapela irabazi nahi du. Urrutia Ia, iazko finalista, Mexikotik dator espreski, txapelketa jokatzera.

momentu honetako onenak dira. Sei pelotari, erremonteko gorenean dabiltzanak, 30garren Buruz Buruko Txapel­keta jokatuko dute abuztuan, Kutxa Sari Nagu­sia. Abuztuaren 4an hasita, bederatzi partidu jokatuko dira Galarretan. Finala, irailaren 8an. Ezkurra hor dagoenean beti jo behar izaten da faborito, baina aurten asko dira besteren baten alde apustu egingo dutenak: Urrizak eta San Miguelek puntu asko dituzte muturrean ibiltzeko; Zeberio IIak eta Juaristik sorpresa eman dezakete, batek esperientziagatik eta besteak sasoiagatik. Azkenik, denen­tzako duda haundi bat dena: Urrutia Ia.

Miel Mari Urrutia, Mexikotik espreski dator
Miel Mari Urrutia gaur iritsiko da Mexikotik, 5 hilabete bertan pasa eta gero, eta buruz burukoa jokatu egingo du. Iaz finala jokatu zuen, eta aurten aukera eman diote antolatzaileek txapelketa jo­ka­tzeko. Bi aste ditu puntuan jartzeko, eta ligillako hiru partiduak segidan jokatu beharko ditu. Bi aldiz txapela irabazia du saldiastarrak, eta beste bi aldiz finalean jokatua da. Azken urteetako promesa haundiena, Julen San Miguel doneztebarrarekin batera. Baina ezustean, erremontea utzi egin zuen Urrutia Iak. Ez bere borondatez, bizitzera Mexikora joan behar izan zuelako baizik.

San Miguel: «prest nago»
Julen San Miguelek final bat jokatua du, eta Ezkurraren kontra galdua. Promesa izateari utzi egin nahi omen dio, eta aurten txapela buruan nahi du doneztebarrak: «Prest nago. Promesa izateari utzi egin nahi diot, eta demostratu, goian ibili naitekeela. Konturatzen naiz, hala ere, aurten asko daudela oso forma onean».

Urriza, iaz sorpresa, eta aurten faborito
Urrizak iaz sorpresa eman zuen, eta bera izan zen Ez­kurraren buruhausterik haun­diena. Faborito denei ondo irabazita, final erdietan tanto bategatik galdu zuen Ez­ku­rraren kontra. Aurten final erdietan jarri dute Iruñeako pelotaria, berez Urrutia Iari tokatzen zitzaion lekuan. Zeberio IIa elduaindarrak iaz jota bukatu zuen, lesio bat eta guzti. Aurten, indar berrituta dator, 2002tik Ezkurrari itzal egin dion pelotaria. Juaristi gazteak, azkenik, ondo irabazi du prebia, eta txapelketarako txartela, eta sasoi puntua dauka armarik indartsuena.

PARTIDUAK

Ab. 4: Zeberio II-Juaristi
Ab. 7: Juaristi-San Miguel
Ab. 11: Zeberio II-San Miguel
Ab. 14: Urrutia I-Juaristi
Ab. 18: Urrutia I-San Miguel
Ab. 21: Urrutia I-Zeberio II
Ab. 25: Ezkurra-?
Irail. 1: Urriza-?
Irail. 8: FINALA

Galarretan jokatuko dira partidu guztiak

Txapela kopurua

11 Ezkurra
4 Matxin II
2 Intxauspe, Mujika I, Zeberio II, Urrutia I
1 Abrego, Areso, Agerre, Aizpuru, Lizaso, Eizagirre

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!