Zerra motorrarekin Larrabidek juxtu-juxtu irabazi zion Larrañagari, eta horrek enpatatu zuen Herri Kirol proba. Gero, txingetan Imanol Paollak errematatu zuen norgehiagoka. Ikuskizun polita, aurreko urteetakotik ezberdina, eta jendetza berriz, beti bezala, toperaino.
San Inazio jaiak ospatu zituzten atzo Santa Barbaran. Espero bezala, goizean goizetik igo zen jendea, eta haientzako festa mimo haundiz prestatu zuten antolatzaileek.
Aiert, Manex, Axel eta Garikoitz, etorkizun oparoa
Herri kiroletan lau gazte ikusi genituen atzo, helduagoek ze fundamentu egingo zuten bildurrez edo. Lokotxak biltzen Aiert eta Manex azkarrenak, Larrabide eta Paollarekin batera, atzoko irabazleak. Beste lauak ere ederki: Axel eta Garikoitz, eta Larra eta Barrenetxea.
Bertsotan ere zahar eta gazte aritu ziren: Mendiluze, eta haren itzalean, Pagola eta Martikorena. Gazteek ederki kantatu zuten, hasierako nerbioak bota eta gero. Trikitilariak ere berriak ziren atzo, eta saltseroak. Iñaki eta Gari errepertorio luzeko trikitilariak dira, eta kantu-modu askotara animatu ziren atzo Santa Barbarako bazterretan; bertsotan ere ekin zioten Mendiluzeri, eta bai honek erantzun ere (alderantziz ez zuten probatu, badaezpada ere).
Bazkal garaian mahaiak eta erromerian plaza, bete bete egin ziren atzo.