Titulu ofizial guztiak irabazi dituzte aurten Hernaniko pelotariek, bat izan ezik: Euskal Herriko Herriartekoa. Guztira 29 txapel, 58 final jokatuta. Ospatzeko moduko emaitza da, eta halaxe egin zuten larunbatean, Peña Otañon, Buruntzaldeko Torneoko finalak jokatu eta gero.
Goi mailako taldea, goi mailako emaitzak
Taldeko arduradunek ez dute dudarik, eta pelota jartzen dute Hernaniko kirolaren goi mailan: «Hernaniko kirolaren goien mailan gaude, errugbiarekin batera, haiek ere denboraldi bikaina egin baitute, nola ukatu».
Gravn Torneoa 5 pelotarik irabazi dute; Euskal Herriko Txapelketa 6 pelotarik; Gipuzkoako Txapelketa 8 pelotarik; eta Gipuzkoako Herriartekoa ere irabazi egin dute, bigarren urtez jarraian.
Bazkaria Peña Otañon egin zuten larubatean, anbiente ederra eta menu ederragoarekin. Joxe Miguel Azurmendik jarri zien bazkaria, eta eskerrik beroenak eman nahi dizkiote taldekideek Azurmendiri, urte guztian emandako laguntzagatik.
Buruntzaldeko Torneoan Urnietarentzat, gehienak
Urnietarrak ibili ziren indartsuen larunbatean, Buruntzaldeko Torneoan. Hala ere, Hernanira ere etorri zen txapel bat. Nagusien mailan, Iñaki Esnal hernaniarrak irabazi egin zuen, 22-8, Zumaiako Iribar lagun hartuta,
Barandiaran eta Gurutzalderen kontra.
Jubeniletan, Loitegi eta Lizaso urnietarrek irabazi egin zuten, 22-21, Urkizu hernaniarra eta Andueza huartearraren kontra. Kadeteetan, larri-larri galdu zuten Loiarte eta Noble hernaniarrek, 22-21, Ezenarro eta Imazen kontra. Infantiletan, berriz, Matxain eta Exposito añorgarrak nagusi, 18-9, Pagola eta Noble IIaren kontra.
Villabonan, Aizpitarte
Eneko Aizpitartek irabazi egin du Villabonako Torneoa, 22-13, Urbieta eta Zubiriren kontra, ondo merezita.