Beroari aurre egiteko, Santa Barbaran gaur, festa eta aire freskoa

Kronika - Erredakzioa 2012ko uzt. 31a, 02:00

San Inazio jaiak ospatuko dituzte gaur hernaniarrek, Santa Barbara gainean. Trikitixa, bertsolariak, meza, bazkari eta toka... tartean Herri Kirolak dituztela, eta arratsaldean haur jokoa eta erromeria.

Freskura pixka baten bila Santa Barbarara igoko direnak asko izango dira gaur, San Inazio jaien aitzakian, trago bat hartu eta egunpasa egitera. Goizeko 10:00etan hasi eta arratsaldeko 19:00ak arte motiboa jarria dago, urteroko moduan.

Zahar eta gazte,
herri kiroletan

Zortzi lagun ariko dira Herri Kiroletan, bi taldetan banatuta. Batetik, Barrenetxea eta Larra izango dira, Axel eta Garikoitzekin taldean. Beste­tik, Larrabide eta Paolla, Aiert eta Manexekin. Zahar bezala gazte, denak sasoi ederrarekin joango dira, eta egin beharreko lanak, hauexek: 36 kg-ko txingekin 10 buelta, lokotx biltzea, eta hiru kanaerdiko txanda librean. Horrela, bi buelta.

Ondoren, motozerrarekin 12 korte emango dizkiote zutikako enbor bati, zeinek azkarrago.

Bertsoa, trikitixa
eta erromeria

Giroa alaitzen ariko dira, batetik Iñaki eta Gari trikitilariak, eta bestetik bertsolariak: Mendiluze, Martiko­re­na eta Iurramendi. Bertsoa eta musika egun guztian izango dira. Herri Kiroletan eta bazkalondoan ere, bertsolariak izango dira, eta arratsaldean, 17:30ak aldean, erromeria.

Urterokoak: toka,
haur jokoak, txokolatada

Lagunarteko toka txapelketa izango da, akaso, ohitura haundienetakoa sortu duen ekitaldia. Bazkalondoan egiten dute, taberna atzean. Haur jokoak eta txokolatada ere arrakastatsuak izaten dira, urtero-urtero.

Kotxerik ez
Goraino ez dago kotxean igotzerik, eta gehienera ere, Elutxetan utzi beharko da, antolatzaileek diotenez. Hala ere, ahal bada herritik oinez joateko dei egin dute.  

SAN INAZIO JAIAK

10:00 Trikitilariak
11:00 Bertsolariak: 
Mendilu­ze, Iurramendi eta Mart­iko­rena.
12:00 Meza
13:00 Herri Kirolak
14:00 Herri Bazkaria
16:30 Lagunarteko Toka.
16:30 Joko eta Txokolatada.
17:30 Erromeria
19:00 Herrira jaitsiera

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!