Arkume jatearen bueltan bilduko da gaur Arano

Kronika - Erredakzioa 2012ko uzt. 28a, 02:00

Lehenengo aldiz antolatu dute, eta bete egingo da frontoia. Bazkaria 14:00etan hasiko da, eta menuko produktu guztiak bertakoak izango dira, ‘aranoarrak’. Kantu eta bertso saioa dira eguneko beste bi ekitaldi nagusiak.

Festetako nobedadea izan­go da, eta jendetza ziurtatua dago. Arkume jatea antolatu dute gaur Aranon, Santio festen barruan. Lehenengo aldiz antolatu eta arrakasta izan du deialdiak, ia 200 lagun elkartuko baitira. Ho­geitik gora arkume erreko di­tuzte, herriko plazan. Entsa­lada mixta, gazta eta kafeak osatuko dute menua, eta guztia autoktonoa izango da, Ara­non hazia. Arkume jatea he­rriko frontoian egingo dute eta bazkaltzeko txartelak al­dez aurretik erosi behar ziren. Karpa haundi bat jarri dute okasiorako, eta ederki etorriko da, euria bada.

Kantu saioa, bazkalostean

Bertso musikatuak antolatu dituzte bazkaldu ondorenean, arra­tsaldea girotzeko as­moa­rekin. Ordubete inguruko saioa izango da, bi zatitan ba­natuta. Kantuan Eñaut Agirre ariko da, eta  bailarako bertso zahar eta berriak kantatuko ditu lehendabizi; ondoren, historiako bertso aukeraketa bat kantatuko du. Pianoan Imanol Kamio ariko da; gitarrarekin Aitor Atxe­ga; eta biolinarekin, Mirari Irurtzun.

Goi mailako bertso saioa, ondoren
Rezola, Lujanbio, Soto eta Egaña bertsolariek jarriko dute festa ondoren. Goi mailako bertso saioa antolatu dute, 19:30etatik aurrera.
Eguneko ekitaldi nagusiak bukatuta, afaltzera elkartuko dira auzotarrak. Eta eguna bukatzeko, nola ez, erromeria antolatu dute: Gozo-Gozo taldeak izango du herria dan­tzan jartzeko ardura.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!