«Azkenean erabaki nuen paisaje figuratibo bat egitea. Herri herriko paisaje bat; bailara-bailarakoa. Eta denek identifikatzeko modukoa». Victor Goikoetxeak 12 metro zabaleko murala egin berri du, eta lokalean dauka, Txantxillan jartzeko zain. Izan ere, laster irekiko dute Txantxilla Kafetegia, izen bereko auzoan, eta Goikoetxeari eskatu diote barruan murala egiteko.
«Denborari omenaldia»
Benetako argazkiei begiratuta egin du Goikoetxeak murala, baina dena ez da orain dagoen modukoa. Nahastu egin ditu garai bateko Hernani eta gaur egungo Hernani. «Goiko zatian Hernani berdea egin dut, Hernani idilikoa, nik nahiagoko nukeena, denborari omenaldia. Beheko zatian, benetako Hernani marraztu dut. Bien nahasketa bat da. Pinturak jolas hori egiteko aukera ematen du».
2 hilabete lanean
Goikoetxeak dio, oso gustora egin duela lana. «Bai tabernako nagusiek eta bai Ibai Kerejeta arkitektoak lanean utzi didate. Hasieratik ulertu dute ideia, eta pausoz pauso segi dute, bi hilabeteko lana. Gustora egindako lana da».
Pintura akrilikoarekin egin du murala, oso hemengo koloreak erabilita. «Udarako paisaje bat da, berde argi eta ilun asko dituena; oso bertako koloreak. Urdinarekin ere gustora geratu naiz».
Kurtsoa eta erakusketa
Donostian ikastaroa emango du Goikoetxeak abuztuaren 27tik irailaren 21era. Pintura murala eta Trompe L´Oil teknikak erakutsiko ditu. Apuntatzeko deitu: 688 620 554.
Erakusketa ere jarria dauka Donostian, Restaurante Plaza Kafetegian (Urbieta kalea): Bocetos, Esbozos y Dibujos izena du erakusketak, eta mural bat egiteko pausoak ezagutzeko aukera ematen du.