Erdigunetik hamar minutu eskasera, parke-berde berria dute hernaniarrek. Iturmendi du izena, eta Antziola eta Etxeberri auzoa batzen ditu, eta Sagastiyako urbanizazio berriaren aldamenean dago. Zuhaitz eta belardiak dira nagusi, eta hauen artetik pasatzen dira oinezkoentzako egin dituzten bide berriak. Bistak ere, ederrak dira bertatik; Hernaniko erdigunea ikusi daiteke oso osorik, baina etxe, kotxe eta karreteretatik urrunduta.
Oinez, korrika, umeak paseatzean, meriendatzen, liburu bat irakurtzen... parkea ireki berri bada ere, herritar askok ezagutzen dute, eta euren momentu libreak pasatzeko aukeratzen dute batek baino gehiagok. Faseka ireki dute, eta guztia bukatuta, Udalaren eskuetara pasa berri da.
Antziolatik, bi bide
Iturmendi parkera Antziolatik sartu nahi izanez gero, bi bide daude. Behekoa lehendik ere bazegoen, eta zuzen-zuzen joaten da Etxeberri ingura arte.
Eskailerak igo, eta goitik dijoan bidea da berria. Bide estua da, erosoa, eta farola eta esertzeko bankuak ditu ibilbide osoan. Apenas aldaparik gabe, bidearen bukaerara iristean merendero txiki bat dago. Egurrezko hiru mahai ditu, eta baita miradore moduko bat, herria bere osotasunean ikusteko. Hor bukatzen da goiko bidea, eta parketik irteteko, eskailera batzuk jaitsi behar dira. Parkearen berde itxura gordetzeko asmoarekin, eskailerek ere, badute berezitasun bat. Ez dira hormigoizkoak soilik; zuloak dituzte tartean, belarra ikus dadin.
Zubi berria, erreka txikiaren gainetik
Behe aldera jaitsita, Etxeberri inguruan, parkeak barrualdera egiten du. Zuhaitzek egiten dute itzala bide berrian, eta inguruko etxe eta errepideak ikusi ere ez dira egiten; belar, lore eta begetazioa dira nagusi. Erreka txiki bat ere pasatzen da inguru honetatik. Oinezko bidearekin jarraitu ahal izateko, zubi bat egin dute gainetik.
Zuhaitz zahar eta berriak
Parke guztian zehar lehen zeuden zuhaitz eta landareria mantendu eta saneatu dituzte; eta zuhaitz autoktono berriak ere, landatu dituzte.