NAFARROA izan arren, lotura haundia izan du Hernanik beti Aranorekin. Herri batetik besterako joan-etorriak ohikoak izaten dira, eta are gehiago, festak tarteko daudenean. Santio eguna da gaur, eta beraz, festa eguna Aranon. Gaur eguerdiko 13:00etan hasiko dira eta igandera bitartean, egunero izango dira denentzako moduko ekitaldiak. Herri kirolak, bertsolaritza, lehiaketak, ume jolasak... urteroko ekitaldiak izango dira, eta nobedade bat ere badute, arkume-jatea; larunbatean izango da hori.
Santio egunean,
kirola nagusi
Gaur dute zaindariaren eguna eta asteazkena izan arren, goizetik gauera izango da festa. Hasiera 13:00etan izango da; hori, eta 11:00etako meza dira goizeko ekitaldiak.
Arratsaldean herri kirol erakustaldia izango da. Aizkoran, Atutxa eta Nazabal, eta F. Etxeberria ariko dira, 5 metroko egurrarekin. Harria altxatzen berriz, Izeta IIak emango du ikuskizuna. Ordubete geroago, tradizioz betetako pelota partidua jokatuko da, Arano eta Goizuetaren artekoa: Huizi eta Lizeaga izango dira aranoarrak, eta Apezetxea eta Narbarte goizuetarrak. Tapia eta Leturiak girotuko dute iluntzea; eta auzotarrak elkarrekin afalduko dute, bakoitzak bere jakia etxetik eramanda. Umeak ere, izango dute entretenimendua ordu horretan, Ilargipeko zinea izango baita. Tapia eta Leturiak agurtuko dute aurreneko festa eguna.
Jubilatuen bazkaria,
San Joakin eta Santa Anan
Jubilatuak dira protagonista festetako bigarren egunean. Mezarekin eta hamaiketakoarekin hasiko dute eguna. Bazkaldu aurretik, Esnal eta San Sebastianek jokatuko dute afizionatu mailako pelota partidua, Ojuel eta Gorrotxategiren kontra. Eguneko momentu nagusia 14:00etan izango da: herriko jubilatuak elkartuko dira bazkaltzera; eta ondoren, Lazkano eta Legarreta bertsolariak ariko dira. Trikibeltz taldearen emanaldiarekin bukatuko da eguna.
Feria, probaketa... ostiralean
Ostirala izango da festetako egun lasaiena, ekitaldi kopuru aldetik. 18:00etan, artisau feria jarriko dute karpan. Ondoren, tortilla lehiaketa eta bertako produktu eta sagardo probaketa izango dira. Gauean, 30garren mus txapelketa jokatuko da; eta musika DJ Jo ta Txo!k jarriko du.
Arkumea protagonista,
larunbatean
Festateko ekitaldi berria, nobedadea, arkume jatea izango da. Larunbatean, goizean goiz jarriko dute erretzen. Egin bitartean, dultzaineroak ibiliko dira herrian barrena, girotzen. Jatea, 14:00etan izango da pelotalekuan; karpa haundi bat jarriko dute, eta 200 lagunentzeko lekua egongo da bertan. Menu guztia gainera bertakoa izango da, Aranokoa: entsalada mixta, arkumea, gazta eta kafea.
Bazkalostean, kantu saioa eskainiko dute Imanol Kamio eta Eñaut Agirrek. Eta eguna borobiltzeko, bertsolari jaialdia antolatu dute: Agin Rezola, Maialen Lujanbio, Julio Soto eta Andoni Egaña ariko dira. Afalostean, erromeria izango da Gozo-gozo taldearekin.
Umeen eguna, azkena
Mezarekin hasiko dute festetako azkeneko eguna. Ondoren, umeen eguneko ekitaldiak hasiko dira: 10:30etan pelota partidua jokatuko dute Mujika-Apezetxea eta Altsua-Apezetxea gaztetxoek; segidan, Arano eta Goizuetako dantzariek eskainiko dute ikuskizuna; arratsaldean, puzgarriak, ume jolasak, txokolatada eta Arno aziendako ganadua izango dituzte ondo pasatzeko. Eta festetako azken orduak Izer ta Alabierek alaituko dituzte.
UZTAILAK 25- Santio
11:00 Meza
13:00 Jaien hasiera
18:00 Herri kirolak. Aizkoran: Atutxa eta Nazabal, eta 5m-ko egurrarekin F. Etxeberria. Harriarekin: Izeta IIa
19:00 Arano-Goizueta arteko pelota partiduak
20:00 Tapia eta Leturiarekin triki festa
21:00 Afaria elkarrekin
21:00 Ilargipeko zinea umeentzat
Afalondoren Tapia eta Leturia
UZTAILAK 26 - Santa Ana eta San Joakin
11:00 Meza
Ondoren Hamaiketakoa
13:00 Pelota partiduak afizionatu artean
14:00 Jubilatuen bazkaria Imanol Lazkano eta Xabier Legarreta bertsolariekin
Ondoren Trikibeltz taldea
UZTAILAK 27 - Ostirala
18:00 Artisau feria karpan
19:00 Tortilla txapelketa eta herriko sagardo eta produktuen probaketa
22:00 XXX. Mus Txapelketa San Roke elkartean
00:00 Dj Jo ta txo!
UZTAILAK 28 - Larunbata
Goizean Arkumea erretzen jarriko da Plazan. Goiza girotzen dultzaineroak ibiliko dira
14:00 Arkume jatea
Bazkalondoren Imanol Kamio eta Eñaut Agirrerekin kantu saioa
19:30 Bertsolariak: Agin Rezola, Maialen Lujanbio, Julio Soto eta Andoni Egaña
Afalostean Erromeria Gozo Gozo taldearekin
UZTAILAK 29 - Igandea
10:00 Meza
10:30 Umeen partidua
Segidan Aranoko eta Goizuetako dantzak
15:30 Puzgarriak eta ume jolasak
18:30 Txokolatada
19:00 Arno ganadutegiko azienda umeentzat
20:00 Izeta Alabierrek alaituko dute festen bukaera