IRATI SARASUA ARABAOLAZA
Ohitura zahar bat berreskuratu nahi izan dute aurten, hamabi urteren buruan, Astigarragako jaietan. Astigar Dantza eskolak askotan proposatu izan die Udaleko hamaika zinegotziei festetan Soka-dantza egitea, eta aurtengoan onartu dute proposamena. Bilduko zazpi zinegotziek eta EAJko biek eman dute baiezkoa. Dantza Foru Plazan egingo dute, arratsaldeko 17:30etan, eta dantzari batzuen laguntza ere izango dute.
2000 urtean, azkeneko aldiz
1996garren urtean berreskuratu zuten ohitura hau azkenekoz, eta bost bat urte ingurutan egin zuten dantza Udaleko ordezkari gehienek, Santio festetan. Hala ere, bada datuek azaltzen duten detaile bat: Soka-dantza egin den guztietan, ez da inoiz lortu Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek parte hartzea. Euren arteko liskarrak medio gainera, 2000 urte inguruan dantza egiteari utzi zioten. Lehengo kontuak dira horiek, eta aurten berriro ere gogotsu ekingo diotela dirudi. Hori bai, ohiturei men eginez, aurten ere ez dute alderdi guztiek hartuko parte; Hamaikabateko zinegotziek eman dute ezezkoa.
Urteetan atzera
1996garren urtean, Soka-dantza berreskuratzeko, ohitura honen jatorria eta sinbologia zein zen erakutsi zieten astigartarrei Ikerflok taldeko kideek eta Juan Antonio Urbeltz folkloristak. Aurten urte haietako kontuak berrikusi dituzte, eta ondo aztertu ostean lortu dute Udaleko kideek dantza ikasi, eta herritarrei agurra egitea.
Hamalau urte horiek atzera egin, eta 1996 urtean kokatuta, Juan Antonio Urbeltz folkloristak idatzitako orriak erabakigarriak izan dira dantza berreskuratzeko. Hala diote testu horiek: «Festa da autobiografia kolektibo bat martxan jartzen den unea, eta bide egiten dio protokolo, prozesio, otordu berezi eta zantzu onez eraikitako denbora bati».
Urbeltzek dio, dantza honek duen ukitu militarra nabarmena dela, eta herritarren babesa dantzaren erdigunean erakusten dela. Baita ere, gogoratzen du Alkateak ekitaldi publikoetan erakusten duen makila, Udal makila, protagonista dela dantzan.
Zinegotziak prozesioan ateratzen dira dantzan, eta eskuan ihi-makil okertu eta korapilatua dute. Honen bidez, erakusten dute ibaiertzean nagusi ziren lur osasungaitzak Udalaren botere zibilaren esku geratu zirela.
Juan Antonio Urbeltzen
definizioa
1996an idatzitako testuan, hala definitu zuen dantza Jose Antonio Urbeltzek: Sokaren metaforarekin beren burua korapilatzen baitzuten udal ordezkariek, beren berekia zuten udal espazioa, hau da, Udaletxeko Enparantza, `korapilatzen´ zutelarik zen dituen dantza. Eta halaz, Soka-dantzan, festaren luzapen protokolarioa izaki, oroimenaren ezaugarri gisa soka dugun bitartean, dantza egitean behin eta berriz `birkordatzen´ ari den soka bat izango dugu, irudi eta pentsamenduen korapilatze etengabeaz bere baitara birlotzen dena. Baina bihotza ere bada oroimenaren gordelekua. Horretatik hain zuzen Soka-dantza beti izana, euskaldunontzat, lotzen, eta bihotza eta oroimena uztartzen dituen dantza. Festaren beraren errazioa da, oroimenaz dantza egiten eta oroimenaz bizi denekoa. Zorionekoa sentitu behar dute beren dantzak iraunarazten dituzten herri guztiek, urrunean, dantzak gorputza goratzen eta erabateko Oroimen bihurtzen denean, dantza-oroimena baita irauten duen bakarra. yy