HERNANIN San Joanak ezagutu eta disfrutatzeko asmoarekin, 20 lagun etorri ziren Argentinako Necochea euskaletxetik. Aurreneko aldia zuten batzuk, eta besteak, dezentetan izanak ziren Euskal Herrian; hori bai, jatorrira itzultzeko ilusioa eta urduritasun punttua guztiek zuten. Ekainaren 23an iritsi ziren guztiak, eta hernaniarrek euren etxeetako ateak zabaldu zizkieten: familiaren etxean geratu ziren batzuk, Oialumeko Koro eta Asintsiorekin beste batzuk... guztiek bilatu zuten lotarako, deskantsurako eta otordurako lekua: «Hernani izan da gure etxea hemen. Bertatik organizatu gara. Eskerrak eman behar ditugu izan dugun harreragatik, ikaragarria izan da».
Koadrilen eguna bizitu zuten, barru barrutik
Festetan koadrilen eguna bizitu zuten gogotsu. Kamisetak eta guzti egin zituzten, eta San Joan Konpartsako kideak izan zituzten gidari. Emozionatu egin ziren brindisaren momentuan, eta txarangarekin gora eta behera ibili ziren ondoren; euskaldun bat gehiago zirela aitortu diote Kronikari. Festak bukatuta, Euskal Herria eta Europako hainbat txoko ezagutzeari ekin zioten ia guztiek.
Hiru astetako bisita
Hogei lagunetik ia guztiek hiru astetan bisitatu zuten Euskal Herria. Baztanen, Bizkaiako kostan, Iparraldean izan ziren, mendia eta itsasoa, herri eta hiriak bisitatu zituzten, euren kultura gertutik ezagutzeko asmoarekin. Egunak espero baino lehenago pasa, eta Argentinara itzuli ziren gehienak uztaila erdialdera.
Gutxi batzuk, gertuko familia Euskal Herrian zutenak, hemen dira oraindik, eta horietako bostekin elkartu da Kronika, Necochea euskaletxea eta euren bizitzaren zertzelada batzuk jasotzeko asmoarekin.
Adriana De Ustaran eta Carlos Bilbao dira horietako bi. Euren aiton-amonak joan ziren Argentinara. Hiriburu ezberdinetakoak izaki, euskaletxeen bidez ezagutu ziren. Euren seme-alabei txikitatik transmititu diete euskal kultura, hala dio Carlos Bilbaok: «etxean edo euskaletxean jasotzen zutenaz gain, gure alabak esaterako, udako oporrak euskera ikasten pasatzen zituen». Maite Bilbao da alaba hori. Hernaniar askok ezagutuko dute, egun Hernanin bizi eta AEKko irakaslea baita.
Maria Angeles eta Ines Ibarguren ahizpak ere gerturatu ziren Kronikarekin hitz egitera. Hauek Euskal Herrian jaio ziren, Andoainen zehazki, eta bi anai eta gurasoekin alde egin behar izan zuten Argentinara. Gerra pasa berria zen, eta bizi hobeago baten bila joan ziren hara: «iritsi ginenean ez genekien erderaz hitz egiten, eta pena haundiarekin, guk, bi ahizpok, galdu egin dugu euskera». Emozionatu egiten dira txikitako momentu gogor horiek gogora ekarrita: «joan ginen garaiean kartaz komunikatzen ginen, eta gaur interneta dago, pentsa... Orduan imajinatu ere ez genuen egiten, esaterako, aiton-amonak ez genituela inoiz gehiago ikusiko».
Euskaldunak direla diote, eta hala sentitu izan dutela beti. Seme alabek betidanik jaso izan dute sentimendu hori, eta euskal komunitatearekin batera garatu izan dute euskal izaera: «euskaletxea da gure Euskal Herria Argentinan. Han biltzen gara gu, gure seme-alabak, hemendik joan ziren aiton-amonak...» Euren familian gainera, bazuten ohitura berezi bat, geroago gehiagok jarraitu zutena: «seme alabek unibertsitateko karrera bukatzen zutenean, sari bat jasotzen zuten: Euskal Herrira etortzen ziren, euren jatorria ezagutzera. Pentsa zein den sentimendua...»
500dik gora euskaldun
Inguruko euskaletxerik haundiena da Necochea. 500dik gora bazkide dituzte, guztiak euskal munduarekin erlazio zuzena dutenak. Euskara ikasten dute bertan; Hator Hona programarekin, txistua, txalaparta eta trikitixa jotzen ere, ikas dezakete. Programa berarekin ere, egin dituzte orain arteko euskaldun-trukeak. Euren seme-alabak izanak dira Hernanin dantzantzen, eta baita hernaniarrak ere euren etxeetan, hemengo kultura erakutsi eta transmititzen. Euskal Herriko hainbat festa ere antolatzen dituzte euskaletxean: San Sebastian, Aberri Eguna, San Inazio... azken hau da nagusiena, eta ordurako bueltan izango dira ziurrenik, hemen geratzen diren argentinar gutxiak.
Euskaletxea hala ere, hori baina gehiago da eurentzat. Euskal komunitatea biltzen den etxea da, euren sustraiak bizirik sentitzeko lekua, Euskal Herri txiki batean bizitzeko modua.