hogeita sei dira Hernaniko pelotariek denboraldi honetan jantzi dituzten txapelak; marka ikaragarria da, eta ziurrenik, ez da horretan geratuko. Gorrotxategi eta Ojuelek lortu zituzten azkeneko biak; aurrenekoak Añorgan, eta besteak Errenterian.
Gorrotxategi, sendo atzean
Elezkano IIa izan zuen bikote Gorrotxategik, eta egindako partiduarekin, azken urteetako arantza atera zuen Añorgako Aiestaran torneoan. Faborito garbiak ziren, eta hala erakutsi zuten hasieratik. Gorrotxategik sendo jokatu zuen atzean, pelotarik galdu gabe; eta Elezkano ere, berehala lasaitu zen. Erraz nagusitu ziren, 22-11, Etxeberri eta Tabarren kontra.
Ojuel, torneoko onena
Ojuelek Berrobiko Iñigo Altuna izan zuen bikote, Errenteriako Zuloaga pelotalekuan. Partidua nahiko berdindua joan zen, baina Ojuel eta Altuna beti joan ziren aurretik, eta bikotearen esperientzia klabea izan zen partidua irabazteko. Ojuelenak izan ziren finaleko tanturik onenak, eta 22-17 nagusitu ziren azkenean. Gainera, torneoko pelotari onena izendatu zuten hernaniarra.