orkolagan, Antziolan, Lizeagan... Hernaniko auzo askotan daude 1980 urtea baino lehenago eraikitako etxebizitzak. Urteen poderioz, asko dira dituzten kalteak: goterak teilatuetan, fatxadak zartatuta edo hezetasunarekin, igogailurik ez... Eusko Jaurlaritzak programa berria aurkeztu zuen joan den astean, konponketa edo obra horiek subentzionatzeko. Revive programa da izena, eta eraikina konpondu nahi duen edozein bizilagun komunitatek eskatu dezake laguntza, beti ere, ezarritako baldintzak betetzen badira. Programaren helburua da bizilagunei eraikinak konpontzen laguntzea eta eraikuntzako sektorearen egoera hobetzea.
Konponketa integrala izatea, baldintzetako bat
Jaurlaritzak laguntza emateko baldintzetako bat da eraikina 1980 urtea baino lehen eraikitakoa izatea, eta erabilera etxebizitzarena izatea. Horrez gain, eskatzen dute konponketa integrala izatea, energia sistemak eta bizilagunen mugikortasuna hobetuko dituena; hau da, ezin da teilatua bakarrik konpondu, edo igogailua bakarrik jarri... eraikina erabat konpondu behar da subentzioa eskatzeko: fatxada, teilatua eta aszensorea (azken hau, eraikinak ez badu).
Eraikinean bizi diren bizilagunak, komunitateak, ados egotea da beste baldintzetako bat. Eskaera asko izanez gero, lehentasuna izango dute bizilagun guztiak ados dauden eskaerek. Berdinketarik egonez gero, lehentasuna izango lukete etxebizitza gehiago duten eraikinek.
9,3 milioi euro, laguntzarako
Eusko Jaurlaritzak 9,3 milioi euroko aurrekontua du obra hauek diruz laguntzeko.
Azaldu dutenez, gehienez, eraikinean egin beharreko obraren %50a subentzionatuko dute. Eta obra bakarrik ez, honen proiektua ere lagunduko dute diruz; kasu honetan, %90a subentzionatuko dute, gehienez. Guztia kontuan izanda, etxebizitzako, 15.000 euroko laguntza emango dute, asko jota.
Baita ere, jakinarazi dute dirulaguntza jasotzen duten obrak bukatuta egon beharko direla 2014ko abenduaren 31a baino lehenago.
Euskadiko etxebizitzen %15ak behar du konponketaren bat
Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Euskadiko etxebizitzak Europako zaharrenetakoak dira; bigarren zaharrenak zehazki, Erresuma Batuaren atzetik.
Azaldu dutenez, Euskadiko etxebizitzen %15ak behar du konponketaren bat epe motzean; 250.000 etxebizitza inguruk hain zuzen. Horrez gain, etxebizitzen %76,8ak ez du bizilagunentzako mugikortasun egokirik; eta %29ak ez du igogailurik.