Inistor oso berezi bat bada Hernanin, Europan galtzeko arriskuan dagoena, eta biologoen interesa piztu du bailara honetan hainbeste bilatu izanak. Joan den astean, Granadako biologoak izan ziren Ereñotzun, eta Gipuzkoako beste leku batzutan, inistor berezi hau ikusten. Laguntzaile ibili dituzte Iñaki Sanz-Azkue hernaniarra eta Ibai Olariaga donostiarra, landare honi buruz eta Hernaniko natura ondareari buruz azterketa zientifikoa egin duten zientzialariak.
‘Trichomanes speciosum’, inistor berezi-berezia
Galtzeko arriskuan dauden
7 landare bilatu dituzte Hernanin, baina horietako batek piztu du Granadako biologoen interesa: Trichomanes speciosum izeneko inistorrak. Oso da berezia inistor hori, arrazoi bat baino gehiagogatik. Horietako bat da, gardena dela, alegia, eguzki izpiak pasa egiten duela hostoa. Horregatik, fotosintesia egin dezakete hosto baten atzean dauden beste hostoek ere. Beraz, euskeraz Inistor Gardena gisan bataiatzera ausartu da Kronika, erabat gardena ez izan arren, izpiek ondo pasatzen dutelako.
Beste ezaugarria, biologia mailan oso interesgarria hau da: inistor honek, beste inistor guztiek bezala bi bizitza ziklo ditu: inisto bezala eta goroldio bezala. Munduko inistor guztiek ordea, bi faseetatik pasa behar dute bizi ahal izateko, eta espezie honek berriz ez. Bizi liteke soilik inistor gisan, eta soilik goroldio gisan. Klima baldintza batzuk hobeak dira goroldioarentzat, eta beste batzuk inistorrarentzat. Horregatik, klima aldaketaren aurrean, aukera gehiago dauka espezieak irauteko.
Andaluziako Granadan, eta Granada errekan
Trichomanes speciosum inistorra erreka zuloetan bizi da. Granadan bilatu dute leku batzuetan, eta urteak daramazkite aztertzen. Orain, Gipuzkoara etorri dira, eta kuriosoa da, Hernanin hainbeste ez badago ere, beste bi lekutan bilatu dutela espezie hau: Jaizkibelen, eta Errezilen; hain justu, Granada errekan.
Etorkizuna, gazi-gozoa
Hernaniko azterketa egin zuten bere garaian Aranzadiko Iñaki Sanz-Azkuek eta Ibai Olariagak, Hernaniko Udalak eskatuta, eta EHUko Joxerra Díezek gidatuta. Azterketa hartan ikusi zuten Hernanin erreka-zulo askotan zegoela inistor berezi hau. Orain ordea, urrutigo joan dira, eta Urumea osoan non egon litekeen planteatu dute, modelizazio programa baten bidez.
Bi emaitza dira nabarmenenak. Bat ona: Urumea bailaran oraindik leku askotan aurkitu litekeela inistor hori (Hernanin ere bai, eta baita Goizuetan, Aranon...). Eta bestea txarra: aldaketa klimatikoak dezenteko kaltea egingo diola. 2080 urte inguruan askoz gutxiago egongo da.
Hernani, laister, aldizkari zientifikoetan
Europan galtzeko arriskuan dauden
7 landare, Hernanin nahiko ondo gordetzen dira.
Iñaki Sanz-Azkue hernaniarrak eta Ibai Olariagak aldizkari zientifiko batean argitaratuko dute laister Hernaniko landare bereziei buruz egindako lana. Europan galtzeko arriskuan dauden 7 landare Hernanin nahiko egoera onean daude, tartean, hain berezia den Trichomanes speciosum. Horrek garrantzi berezia ematen dio Hernaniri, eta bi biologoek egindako lanari.
Hernaniko izena eta Urumea bailararena ezaguna egiten ari da zientzialarien artean, eta laister, ezagunagoa egingo da. Horrek esan nahi du, akaso jende gehiago interesatuko dela espezie horiek non dauden ikusteaz, joan den astean etorri diren Granadako biologoak bezala.