«Nobela itxuran argitaratu ditut, sukaldean hamaika aldiz entzunak»

Kronika - Erredakzioa 2012ko uzt. 22a, 02:00

Marcelo Usabiaga Gerra Zibilean zauritu zuten, errepublikaren alde borrokan ari zela. Frantziara aldegitea lortu zuen, han sendatu, eta berriz gerrara bueltatzeko. Mikel Usabiaga hernaniarrak liburua argitaratu du bere aitari buruz: ‘La joven guardia’

Mikel Usabiaga hernaniarra pribilegiatu sentitzen da, lehendabiziko eskutik jakin ahal izan duelako herri ho­nen historiaren zati baten berri; zati garrantzitsu baten berri. Etxeko sukaldean amakina bat aldiz entzundakoak pu­blikatu ditu, abenturazko nobela batean: La joven guardia. Marcelo Usabiaga. Una vida de compromiso y lucha.

Ordizian jaiotako irundar bat, Hernanin bizi dena
Marcelo Usabiaga Ordizian jaio zen 1916an, baina Irun­goa da, han hazitakoa baita. Han hasi zen etxeko tertulia politikoak entzuten, han sar­tu zen gazte komunisten taldean, eta han ezagutu zuen Gerra Zibila. Errepubli­ka­noen alde borrokatu zen, eta atxilotu ostean urte pila bat egin zituen kartzelan. Han­dik aterata, Hernanira etorri zen bizitzera. Hernanikoa du semea, Mikel, orain berari buruz liburua idatzi duen arkitektoa.

«Pribilegio bat da, kontuok lehen eskutik jasotzea»
Historiazalea da Mikel, eta aitaren kontuak buruz dakizki, hainbeste aldiz entzunda. «Pribilegio bat da historiaren zati garrantzitsu bat lehenengo eskutik jaso ahal izatea. Nik aitaren kontuak kontatu ditut, baina errepublikar asko eta askoren historia bera izan liteke nobela honetan konta­tzen dena».

Abenturazko bizitza,
konpromisoz betea

Mikelek dioenez, bere aitaren bizitza oso bizitza intentsoa izan da. «Oso bizitza konprometitua, oso aktiboa, inten­tsoa. Abenturazko historiak dira, abenturazko bizitza bat».

Kronologia bati segita kontatzen ditu Mikelek aitaren kontuak. Arkitektoa izanagatik, idazle sena badu Mikelek, eta lehendik ere baditu liburu batzuk publikatuak: El caso Martana nobela beltza adibidez, 2005ean argitaratua, Hiria editorialaren eskutik.

La joven guardia nobela, Irungo Luis Uranzu Kultur Taldeak argitaratu du, Iker­lanak kolekzio barruan, eta salgai dago 20 euroan.  

Marcelo Usabiaga: «Ez etorri bizirik, Puntta galtzen baduzue»

Irungo bataila oso gogorra izan zen. Marcelok bete-betean bizitu zuen bataila hura, eta hurrengoak.

Marcelo Usabiagari ge­neral batek deitu zion, Irun­go bataila bukatzear zela: «Mar­ce­lo, Irun galtzeko zorian gaude. Punttara joan behar duzu (Behobiatik irteeran, orain gasolinera dagoen le­kua). Ez etorri bizirik, Puntta galtzen ba­duzue». Gogor borrokatu ziren, 80-90 lagun, frankisten kontra. Eta handik behintzat, ez ziren sartu. «Atzera egin zuten. Ondo armatuak zetozen, baina momentu batean oso agerira atera behar zuten eta bazekiten gu zain geundela. Eta ez ziren ausartu». Pixka­naka ordea, Irun erori zen, gero San Marcial... Usabiaga zauritu egin zuten, eta hortik Bor­delera pasatzea lortu zuen. Han sendatu, eta be­rriz muga pasa zuen, Bar­tze­lonara, errepublikaren alde bo­rrokatzera. Madrilen ibili zen, Gironan, Valen­tzian... Ha­rrapatu, eta kar­tzelan urte pila bat egin zituen, 1960 arte. Besteak beste, bera izan zen Bur­gos­ko kartzelan egon zen 1.000 komunistetako bat, baldintza ikaragarrietan.

(*) Marcelo Usabiagari egindako elkarrizketa, datozen egunetan, Hernaniko Kronikan

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!