Gipuzkoak sei industrialde publiko izango ditu 2013tik aurrera, orain dauzkan hamaika industrialdeak elkartu egin baitira. Hernaniko Ibaiondo eta Ibarluze poligonoak, beraz, lehen Buruntzaldeako Industrialdean zeudenak, orain Beterriko Kostako Industrialdean sartuko dira, Zarauzko eta Zuatzuko poligonoekin batera. Erabaki horrek sortu ditu aldeko eta kontrako iritziak. Eusko Jaurlaritzak hartu du erabaki hori, eta batez ere, bi arrazoi aipatu ditu, ekonomikoa, eta efizientzia. Kontrakoek diote, industrialde horietan Udalek lehen zutena baino parte txikiagoa izango dutela orain, eta PSE-EEren erabaki hau pelotazo bat dela, industrialdeak partiduaren eskuetan jartzeko. «Debako Industrialdea Eibarren esku geratuko da; Txingudi-Oarsoaldekoa Irunen esku; Urolakoa Zumarragaren esku... Denak PSE-EEk agintzen duten udalak. Hau pelotazo bat da. PSE-EEk Gipuzkoan 3 herritan agintzen du, 88 herritik, eta ia industrialde guztiak bere eskuetan jarri nahi ditu».
Hernaniko Udalak boto bat, industrialde berrian
Industrialdeak entitate publikoak dira, eta beraz, hiru Administrazioek dute partea. Buruntzaldeko Industrialdean, SPRIk (Eusko Jaurlaritza) %51 zuen; Diputazioak %24,5 eta Hernaniko Udalak %24,5 baita ere. Orain, aldatu egingo dira kontuak, beste bi industrialderekin bat egin duelako: Zarauzko Abendaño, Irita eta Iñurritza eta Donostiako Zuatzu. Hemendik aurrera, Hernanik %5 izango du Beterriko Industrialdean, eta lehen bi boto bazituen, orain bakarra izango du. Administrazio Kontseiluan, SPRIk 7 boto izango ditu, Diputazioak 3 boto, eta Donostiak, Zarautzek eta Hernanik bana.
Hernaniko Udal Gobernu Taldeak adierazi duenez, Hernanik indarra galduko du industrialde berrian, eta hori ez da batere positiboa. Dudan jartzen du dirua aurreztuko denik, eta uste du ez dela batere logikoa hain urrutiko eta hain arlo ezberdinetako industriak batzea. «Zuatzuko industrialdea ia parke teknologiko gisakoa da, eta gure industrialdeak berriz ez dute zer ikusirik horrekin. Gainera, fusio honetan, ofizialki Zuatzuk irentsi egiten ditu beste bi industrialdeak».
Dirua aurrezteko asmoa
SPRIk Hernaniko Kronikari adierazi dionez, premia zegoen industrialdeak berriz organizatzeko, «lokalismoetatik» ihes eginez. Gastu asko duplikatu egiten ziren, eta beraz, orain diru dezente aurreztuko da, lanposturik galdu gabe. Horrez gain, lana efikazago, egokiago egiteko modua izango dute industrialde berriek, eta beraz, horrek lanpostuak sortzeko bidea eman dezake. «Adibidez, Araban eta Bizkaian antzeko fusioak egin ziren 2009an, eta bi urtetan 775.000 euro aurreztu dira».
Industrialdeen helburua, industria garatzea
1980ko hamarkadako krisiaren ondoren sortu ziren industrialde publikoak. Helburua zuen industria indartzea, eta lana sortzea. Horrez gain, enpresei erreztasunak jartzen zaizkie pabelloiak alkilatu edo erosteko, eta abar... industrialde horien ondorioz, hainbat eta hainbat poligono berri sortu dira; tartean, Hernaniko Ibaiondo eta Ibarluze.
Orain, Hernanin beste poligono bat bidean dago: Estubegi. Berez, inbertsiorako dirua erreserbatuta dauka, baina ez dago argi zertan geratuko den, mugimendu berri honekin.
Buruntzaldeko Industrialdea
65 enpresa.
486 langile.
Beterriko Kostako Industrialdea
221 enpresa.
3.373 langile.