Herri giroan, egun pasa ederra

Kronika - Erredakzioa 2012ko uzt. 17a, 02:00

Kaxkoko bizilagunek bete egin zituzten kaleak, atzo, Karmen egunez. Alkate izendatzea eta omenaldia, hunkigarrienak.


Herri giro aparta sortu zen atzo Kaxkoan, Karmen eguna dela eta. Egun bateko festa, omenaldi hunkigarriarekin hasi zuten, Juani Lukasek aginte makila hartuta eta Josefina Catedra omenduta. Joanjo Uriak aurkeztu zituen Lukas eta Catedra, eta ondoren berak egindako bertsoak kantatu zituen jendeak, txistularien laguntzarekin.

Bazkaldu ere denak batera egin dute, eta ondoren izan dira urteroko jokuak, kartetan eta toka, igel eta botean. Umeentzako jolasak, txokolattada, eta sardina jatearekin bukatu dute, gero eta jende gehiago biltzen duen festa xume bezain haundia. 

Arantxa Irizarrek jaso zuen balkoi ederrenaren saria

Gorostegitarren balkoiari eman zioten saria, balkoirik dotore eta ederrenarengatik, eta Arantxa Irizarrek gustora jaso zuen, ondo irabazitakoa. Beste bost sari ere banatu ziren, jokuetakoak: mu­sean onenak Oxan eta Miren; eskoban, Ja­lon eta Peña; tokan, J.M. Aldasoro (12tik 10 jota!); igelean, J.A. Inza; eta botean, Martinez. 

Bertso berriak, Joanjo Uriak Juaniri eta Josefinari jarriak

Juani Lukas Aranburu

Egokitu zaigun damak,
konkistatu gaitu danak,
ez bere ospe haundiaz baizik
apala izanak,
ez gaitu asetzen famak,
nahiago, lagun laztanak,
Juani bezela emakume on
leialak diranak.

Bost urteko nexka zena,
jaso zun berri txarrena,
gerra hasi zen ta jakina da
horrek zekarrena,
azkar joan zen sendiena,
Orkolagan zeukan dena,
eta hori da gerratik duen
oroimen onena.

Beste gauza dakiguna,
igual ez hain ezaguna,
Juani bolada batez Aktore
jardun zitzaiguna,
a ze antzerki bilduma,
trebe antzeztu ziguna,
Juani apala izan zitekeen
baina ez tuntuna.

Sorpresa ugari dauzka,
eta harriturik gauzka,
Olanorekin gero Zarzuelan
egin zun debuta,
oso ugaria uzta,
batez ere "Katiuska",
Juani aspaldi baita holako
emakume puska.

Eta beste bi Juanikin,
beren bizikletarekin,
Oriora joaten ziren futbola
bait zuten atsegin,
ta han jokatzen zuten fin,
jokalari onenekin,
besteak beste ospe haundiko
Paxiegitorekin.

Bixen, Alkate abila,
egin ditu gauza pila,
naiz orain jarri geran guztiok
berri baten bila,
hortxe dezu hain hurbila,
eman zaiozu makila,
eta berria, zaharra bezain on
gertatu dedila.

Josefina Catedra Galdon

Aurrean den andreari,
hain zuzen Josefinari,
omenaldi bat eskaintzen zaio
guztion opari,
Hernaniko herriari,
lotu zitzaion aspaldi,
eta barrendik hemengotarra
sentitzen danari.

Aurten Karmenetarako,
bere omenaldirako,
Josefina da aukeratua
denen gustorako,
benetan eskerrik asko,
Josefina guretzako,
hainbeste urtez lagun jatorra
izan zeralako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!