«Helburua da, kirola elkarrekin egitea ezgaitasuna dutenek eta ez dutenek»

Kronika - Erredakzioa 2012ko uzt. 17a, 02:00

Leire Goñi

Hegalak kirol zentroa da pertsona guztientzako zentroa, eta ‘guztiak’ esaten dutenean, hitzaren esanahi zabalena hartzen dute kontuan. Jaione Izagirre da Hegalak kirol zentroko gerentea, eta Hernanin bizi den Eva Domènech Benet berriz, kirol teknikarietako bat. Ezgaitasuna duten pertsonekiko duten erlazioa dela eta, lehenago ezagutu zuten biek elkar, eta orain, Hegalak kirol zentroan egin dute topo berriro. Donostiako Kontxako pasealekuan dagoen zentro hau ekainaren 25ean ireki zen. Ez da edonolako kirol zentroa. Estatu mailan bakarra da ezaugarri horiek dituena.

Zergatik da Hegalak kirol zentroa, berezia?
Jaione: Desberdintasun na­gu­sia da, edozein iritsi litekeela zentro honetara, eta edozeinek erabili ditzakeela bertako makinak: irisgarritasuna eta ibilerraztasuna, hain zuzen.

Horretarako, 3 faktore hartu behar dira kontuan. Batetik, zentroa bera edozeinek erabiltzeko moduan prest izatea (ko­mu­nak, sarbideak, ateak, pasilloak…), hau da irisgarritasuna. Zentro honetara denok sartu gaitezke parkingetik, kaletik eta Kontxako hondartzatik, gurpildun-aulkian, haurrentzako aulkiarekin edota oinez.

Bigarren faktorea da, tresneria guztia eta ekipamenduak egokituta daudela de­nek erabiltzeko (makinak, igerilekuak). Seinaleak ere, en­pre­sa jakin batek egin ditu, eus­karaz, gazteleraz, braille hizkuntzan, eta piktogramekin.

Hirugarren eta azken faktorea da, kirol jarduerak, ba­koi­tzari egokitzeko mo­du­koak direla, 4 hilabeteko haurra izan, 3garren adinekoa izan, ezgaitasunen bat edo gaixo­tasun kronikoren bat eduki, edo ez. Eta denak, zentro berean, elkarrekin. Hori da kon­tzeptua; zentro bat, guztientzat. 
Eva: Gure helburua integrazioa bultzatzea da; ezgaitasuna duten pertsonak eta ez dutenak kirola elkarrekin egin ahal izatea. Sozialki, ezgaitasuna duten pertsonek beren ekintza jakina aparte egin behar izan dute, eta guk nahi duguna da, denek elkarrekin egin dezatela.

Medikuntza zerbitzua ere badago...
Jaione: Hori da beste bereizgarri bat. Ez da ohiko kirol zentroa; osasunarekin oso lotua dago. Etortzen denak, mediku zerbitzua jasoko du, sendagilearen, fisioterapeutaren eta kirol teknikariaren eskutik. Bakoitzari probak egin eta gomendatzen zaio gehien komeni zaion jarduera zein den. Kirola ona da, baina jakin egin behar da, zer eta nola egin. Horren arabera, eskaintza zabala dugu: lurreko jarduerak, uretakoak, edo jarduera bereziak, ezgaitasunen bat edo gaixotasun kronikoren bat duten pertsonei zuzenduak.

Zentroa pribatua da. Horrek ez du garestiago egiten?
Jaione: Kudeaketa pribatua da, lehiaketa publiko baten bidez emana. Baina zentroaren jabetza erdibanakoa da. Fundazio baten esku dago, baina fundazio hortako parte dira entitate publikoak: Do­nostiako Udala, Di­pu­tazioa, eta Federa­zioa­. Finantzia­tzeko beraz, entitate publikoek eta pribatuek jarri dute dirua.

Tarifa normala, gainon­tzeko kirol zentro pribatuetako antzekoa da. Ezgaitasu­nen bat dutenentzako, berriz, nolabaiteko diru-laguntzak dauzkagu. Lehiaketa publikora aurkezteko baldintzetako bat zen ezgaitasuna dutenentzako prezioak merkeagoak izatea.

Oso eskaintza zabala dago zentroan. Beharraren araberakoa da?
Jaione: Estatu mailan horrelako zentro bakarra da hau. Zentroa irekia da, benetan. Hori da zabaldu behar dugun ideia. Nik uste, beste proiektu batzuetarako eredu izan gaitezkeela.
Eva: Erreferente izatea gustatuko litzaiguke; administrazioek kontuan hartu gaitzatela. Behar sozial bat dela ohartu behar dugu.

Informazio gehiago: www.hegalak.com

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!