Xabier Larretxea hernaniarrak maite du mendia, era guztietara gozatu du, bai oinez, bai eskiatzen, bai eskalatzen... eta orain liburu bat atera du, denbora baitzeramakien ideia horrexekin. Liburu batean bildu ditu, gustoko duen estiloko bideak, luzeak, errazak eta ondo ekipatuak daudenak. 70 eskalada bide proposatu ditu, Pirineoetako iparraldean, eta gehienez 5c edo 6a zailtasunekoak; guztira, 12.000 metro eskalatzeko.
Zergatik liburu hau?
Nik uste dut behar zela liburu hau. Karakteristika jakin bateko bideak biltzen dituen liburua, hain zuzen. Normalean, eskalada liburuetan zona bat hartzen dute, eta hango bide guztiak deskribatzen dituzte. Nik aukeratu dut eskalada mota bat, niri gustatzen zaidana, eta gutxi deskribatutako bideak bildu ditut.
70 bide, Zuberoako ‘Argibel’-en hasi eta Mediterraneoraino... denak igo al dituzu?
Bai. Banaka-banaka, denak igo ditut. Liburuan egiten diren erreferentziak zuzen-zuzenekoak dira.
Bideen ezaugarriak gehixeago deskribatzerik bai?
Bai. Luzeak dira, gehienez 6-8 ordukoak. Errazak dira, gehienez 5c edo 6a zailtasunekoak. Eta ondo ekipatuak, bilguneak ondo jarriak eta aseguru onak dituztenak, paraboltak edo kimikoak.
Bide bakoitzari buruz ze informazio ematen duzu?
Bidearen laburpen txiki bat, ezaugarri nagusiak, irudiak bidea nondik nora dijoan ikusteko, krokis bat seguroak non dauden jartzen duena...
6-8 orduko igoera bat,
nola joaten da?
Binaka joaten gara normalean. Luze bat egiten du lagun bakoitzak, txandaka, besteak aseguratzen duen bitartean. Luze bakoitzak 40 metro inguru izaten ditu. Aurretik dijoana oso kontzentratuta joaten da, egiten duen horretan, pauso bakoitzean, hurrengo urratsa nola eman... Alde horretatik, bakarrik ordu asko egin behar dira. Baina lagunak, aseguratzen ari denak, erne egon behar du, bestea nola dagoen ikusi, lagundu, komunikatu.
Lagun ona beharko da...
Ni behintzat hala ibiltzen naiz! Ordu asko pasatzen ditugu eskalada-lagunarekin, eta beharrezkoa da ondo konpontzea.
70 bide horietatik, bat aukeratu beharko bazenu?
Adishatz igoera. Okzitanieraz esan nahi du, agurra. Oso inguru alpinoan dago, Portillon inguruan, eta luzea da. 3.000 metrora igotzen zara, Spijeoles mendira.
Eskalada klase honetatik zer gustatzen zaizu gehien?
Nik ia ez dut superazio irriki hori. Horrela gozatzen dut, lasai, paisajea ikusi, giroarekin gozatu, lagunarekin egon. Esfortzu mentala ere dezentekoa egiten da, eta hori ere ederra da.
Gustora emaitzarekin?
Bai, gustora. Nire lanarekin eta Sua argitaletxeak eman dion itxurarekin ere bai. yy