Egunetik egunera hobeto ari da Itsaso Tolosa igerilari hernaniarra. Gipuzkoako eta Euskal Herriko udako txapelketak jokatu berri dira, eta bietan lortu ditu podiumak eta marka pertsonalak hobetzea.
Bi marka eta bigarren, Gipuzkoakoan
San Joanetako asteburuan Buruntzaldea IKT taldearekin hartu zuen parte, eta marka pertsonala hobetu zuen bi probetan. 50 bizkar proban, minutu erditik jaistea lortu zuen, 29´´85ko denbora eginda; eta 100 libreko marka, 1´05´´ 22ko denbora eginda lortu zuen. Horrez gain, 200 bizkar proban bigarren postuan bukatu zuen.
Hiru podium eta bi marka, Euskal Herrikoan
Euskal Herriko txapelketa hurrengo asteburuan jokatu zen, ekainaren 30 eta uztailaren 1ean, Gasteizeko igerilekuan. Lortutako emaitza onena 200 bizkar proban izan zuen; absoluto mailan lehiatu zen, eta bigarren postuan bukatu zuen. Junior mailan ere, postu bera lortu zuen 100 eta 200 bizkar probetan. Eta marka pertsonalei dagokienean, txapelketa honetan ere, bi marka pertsonal hobetu zituen: 50 bizkar proban 32´´51ko denbora egin zuen, eta laugarren bukatu zuen; 100 tximeleta proban berriz, 1´13´´89ko denbora eginda hobetu zuen marka. Bi emaitza bikain horiez gain, junior mailan, Tolosa txapeldunorde izan zen 100 eta 200 bizkar probetan.
Espainiako txapelketan, bihartik
Sevillan du hurrengo zita Tolosak. Bihartik Espainiako txapelketa jokatuko da, junior mailakoa, eta Itsasok bi probetan hartuko du parte: 100 bizkar eta 200 bizkar probetan hain zuzen.
Honez gain, hilabete bukaeran Absolutu mailako Espainiako txapelketan izango da, Terrassan.