hernaniko zazpi taldek hartu dute parte Donosti Cup torneoan. Munduko bazter ezberdinetako taldeak izan dituzte aurkari, eta zazpitik hiruk lortu dute Onenen Fasea jokatzea; beste lauak Kontsolazio Fasean bukatu dute torneoa.
Ezin finalera iritsi
11, 13 eta 16 urteko taldeek jokatu dute Onenen Fasea. Urrutien 16 urteko taldea iritsi da, final laurdenak jokatuta. Salvador de Bahia talde brasildarraren kontra ezin izan zuten ordea, eta 4-2 galduta bukatu zen euren partaidetza. Torneoko talde txikienak, 11 urtekoak, kanporaketa bat lehenago esan zion agur torneoari; final zortzirenetan 2-1 galdu zuen ESC 15en kontra. Eta azkenik, 13 urtekoek Onenen Fasearen hasiera besterik ez zuten jokatu. Final hamaseirenetan kanporatu zuen Club Menedyk, 4-0 nagusituta.
18 urteko taldea txapeldun, Kontsolazio Fasean
Hernaniko beste lau taldeek Kontsolazio Fasea jokatu zuten. Kasu honetan, talde nagusia izan zen onena, 18 urtekoa, finala irabazita. Touring taldeari 2-0 gailenduta izan ziren fase honetako irabazleak. 11 urteko taldeak final zortzirenetan esan zion agur torneoari, Lengokoak taldearen kontra 2-1 galduta. Eta azkenik, 13 eta 14 urteko taldeek final hamaseirenetan bukatu zuten txapelketa. Biek emaitza berarekin galdu zuten, 6-5. 13 urteko taldeak Cascais GDS taldearen kontra; eta 14 urtekoak Euskaldunaren kontra.