Malou Henriksen eta Ines Fernandez: «Gero eta gehiago dira gurekin ibaiak garbitzera animatzen diren boluntarioak»

Kronika - Erredakzioa 2012ko uzt. 13a, 02:00

borondatea izanez gero, gauza haundiak egin litezke. Lehendik ere dezente dakigu euskaldunok horri buruz, baina oraingo honetan, kanpotik etorritako 7 europearrek aurrea hartu digute. Kontras­tea­rekin txundituta geratu zirela dio Malou Henriksen danimarkarrak, Deban mendibuelta egin, eta Eusko Trenen bueltan zetozela Oria ibaia ikusi zutenean. «Dena plastikoz josia, zaborra nonahi. Batetik hain paraje dotoreak ikusi eta gero hura... handik sortu zen ideia». Mira­mongo Parke Tekno­lo­gikoan lanean ari diren 7 lagunek sortu zuten Urgar­den; denak atzerritik etorriak.

7 lagunek sortu, eta dagoeneko 300 laguntzaile
Galdera hori bera hainbat pertsonak egina zion bere buruari, eta horregatik sekulako erantzuna izaten ari da 7 lagun hauek sortu duten ideia. Martxoan hasi ziren ibaiak garbitzen, eta 10 saio egin dituzte; 300 lagun ibili omen dira beraiekin. Ines Fernandez hernaniarra da horietako bat, saio batera animatu, eta geroztik beti joaten dena. «Asko gustatu zi­tzaigun filosofia: zikina dagoela? Ba garbitu egingo dugu. Inori ezer exijitu gabe. Guk ere aspalditik ikusten dugu ibaia zikina dagoela, baina pentsatu dugu zer eginik ez zegoela. Orain, talde bat lanean ari dela ikusita, animatu egin ga­ra. Gainera, oso giro ona sor­tzen da garbitzeko egunean. Jen­dea animoso etortzen da, eta anbiente ederra sor­tzen da». Benetan zikina Dagoeneko 10 saio egin di­tuz­te Oria eta Urumea garbi­tzen, eta esperientziaz dio­te ibaia oso zikina dagoela. «Ha­rrigarria da zer aurkitu litekeen ibai ertzean. Neu­matikoak eta plastikoak, pila bat. Baina, gauza bitxiak ere aurkitzen dira: Andoainen azaldu zen, adibidez, Bea­saingo herriko kontainer bat; edo dentadura postizoak, urrezko hortza eta guzti; biniloak, dokumentazioa... Pentsa, inoiz ez da horrelako garbiziorik egin!».

Hernanin, 3 puntu beltz
Puntu beltzak ere bilatzen dituzte, adibidez, etxeetako ur zikinak, kolektorera bideratu gabe daudenak. Herna­nin, horrelako hiru bilatu dituzte, baina «gehiago ere izango direla» diote.

Eskuz, ahal dutena
Berez, eskuz garbitu litekeena garbitzen dute. Baina askoz gehiago omen dago, izkutuan. «Guk lehenengo ka­pa garbi­tzen diogu, estetikoena, nolabait esateko. Bai­na beste maila bateko garbizioa egin beharko litzateke. Hori guk ezin dugu egin». Administrazioekin ha­rremanetan ari dira, eta erremintak eta abar beraiek jar­tzen dituzte. Bihar, 09:30etan abiatuko dira Ergobiko zubitik, eta Zubiondoraino etorriko dira. Gero bazkaria egingo dute Karabel parean, Urumeako hondartza esaten zaion horretan. Oinetako onak jantzi, eta nahi duena azaldu liteke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!