Denetik izan dute San Ferminek; baita errekor berria ere...

Kronika - Erredakzioa 2012ko uzt. 9a, 02:00

Imanol ‘Paolla’-k errekor berria jarri zuen Abere Deman, 101 plaza eginda, ‘Spirit’ zaldiarekin. Jende asko izan da aurten Martindegin.

bukatu dira San Fermi­nak, eta atzean geratu dira hiru egun bete beteak. Dene­tik izan dute aurtengo jaiek, eta bat nabarmentzeko, Ima­nol Paolla-k jarritako errekor be­rria, Abere Deman. 101 plaza egin zituen Paollaren Spirit zaldiak, 27 metroko pla­zan, eta 2 plazatan ondu zuen Ze­rainek jarria zeukana.
Emaitza gehiago ere izan dira San Ferminetan: aizkora apustua Unai Otañok irabazi zuen, nahiko erraz, Arria Ia eta Larraren kontra. Otañok enbor bateko aldea atera zien bi afizionatuei, eta bigarren mailan badago ere, lehendabiziko mailako aizkolaria dela erakutsi zuen. Beste kontu batzuetan ere lehiatu dira ordea, martindegitarrak. Sansonategik antolatzen duen Tortilla patata lehiaketa, adibidez, Pepi Artolak irabazi zuen. Trikitixa txapelketa Orioko eta Zarauzko bikote batek: Julen Alonso eta Eneritz Aulestia onenak. Auzoko karabina tiratzaile finena: Axel Larrañaga.

Erdi lanetarako,
Paolla aurretik

Abere Demak jende pila bat bildu zuen larunbat iluntzean. Azkonetak zaldi berria ekarri zuen, eta lan polita egin: 97 plaza. Paolla zen iazko irabazlea, eta aurten ere horri eustera aterako zela zirudien. Baina hori baino gehiago nahi, hernaniarrak. Hasieratik atera zen errekorraren bila: erdi lanetan, Paolla aurretik zen, Spirit zaldi pintto dotorearekin. 510 kg-ko piztiak aixa mugitzen zuen 800 kg-ko harria, eta Zerainen errekorra (99 plazakoa), hausteko aukera ikusten zen. 30 minutuko lana zuten, eta Paollak 15 minutuan 50 pla­za egin zituen. 21 minutuan 70 plaza, 25 minutuan 83, eta 30 segunduren faltan 99 plaza. Oraindik beste bi egiteko denbora izan zuten. 101 plaza, eta Iretza sagardotegiak emandako man­tak eta afaria, Paolla eta Txintxuarentzat.

Jendetza eta anbientea, kanpoko eta bertakoen artean
Hiru egunetan ibili da jendea Martindegin. Ostiraletik hasita, Patxin eta Potxin pailazoek adibidez, bete bete egin zuten Plaza. Iluntzeko sagardo probaketan ere, 800 pintxo jan ziren ordubetean, eta 500 sagardo botila edan, bi ordutan. Gauez ere anbiente mundiala izan da San Ferminetan, ostiral eta larunbatean. Hasi bezala bukatu, igandean, herri kirolak zirela, eguraldi ederra zela, eta bertsolariek kriston giroa jarri zutela... inork erretiratu nahi ez etxera. Beste urtebetez, agur San Ferminei.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!