Hernani txapeldun! Bosgarren aldiz irabazi zuen atzo Hernanik Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, eta palmaresean bigarren lekuan da Azkoitiaren atzetik eta Donostiarekin berdinduta. Berrobi haundi baten kontra irabazi zuen atzo Hernanik. 580 biztanleko herri honek ia sustoa eman zion azken boladako talderik indartsuenari, kadeteetan erraz irabazita, eta jubeniletan aurretik joan eta gero. Azkenean, Hernaniren oreka nagusitu zen.
Hasieran Berrobi; bukaeran Hernani
Dudarik gabe, hasieran nagusi izan zen Berrobi, eta bukaeran Hernani. Kadeteetan Zubiria aurrelariak min egin zien Iker Loiarte eta Hodei Nobleri. Jo eta bukatu egiten zuen berrobitarrak, eta hernaniarrak urduri jarri zituen. Noblek kendu egin nahi pelota, eta huts dezente egin zituen; normalean baino dezente gehiago. Loiartek berriz, ezin pelotarik harrapatu. Erraz irabazi zuen Berrobik, eta jubenilen partidua hasi zen.
Berez, Hernani zen faborito jubeniletan, Berrobik baino bikote orekatuagoa duelako. Elustondo atzelariak ia bakarrik jokatzen du, Alberdiri sakea egiten ere ez dio uzten, eta beraz, zulo dezentekoak uzten dituzte. Atzo ordea, oso fin aritu ziren berrobitarrak. Murgiondori sakez min egin zion hasieran, Elustondok eta aurrean ere asmatu egin zuen. 2-5ekoa dejadaz egin zuen Elustondok. 6-12 Berrobi aurretik, eta hernaniar guztiak erremontadaren zain.
7-12koan, nekea azaldu zen
Tanto inportante asko izan ziren jubeniletan, baina bat,
7-12koa. Jo eta jo aritu ziren bi atzelariak, inork gainik hartu ezinda. Elustondori nekea nabaritu zitzaion, lehenengo aldiz. Berari ekin zioten bi hernaniarrek, eta azkenean pott egin zuen, eta tanto hernaniarrentzat. 12-12ra zuzenean joan ziren hernaniarrak, eta 13-12 aurretik jarri ere bai. Hortik aurrera, ofizio haundia erakutsi zuten denek.
Urkizuk bi gantxo, eta Murgiondok bi pelota moztu
Urkizuk odol hotza erakutsi zuen bukaeran, eta inork espero ez zuenean bi gantxo eder sartu zituen. Bat, 16-14koan, atzera eta atzera ari zirela, zabaletik zabalera gantxo matematikoa; eta 19-17koan ere berdintsu, kiñua egingo zuela uste, eta sartu eta tanto. Murgiondok moztu zituen beste bi pelota eta kontrarioek galdutako bat, eta 22-20, hernaniarrentzat. Afizioa zutik, eta arnasa, hernaniarrentzat.
Afizioa eta ofizioa pare parean
Altunak Garferekin jokatzen zuen profesionaletan, oraintxe arte, eta afizionatuetan gustora ari da. Atzo ordea, Gorrotxategi eta Ojuel zituen aurrean, hauek ere larre motxean ibilitakoak, eta zakur zaharrak. Hasieratik aldegin zuten hernaniarrek, 7-0, eta gero alde horri eustera joan ziren. 10-2 eta hernaniarrak bikain, bai Ojuel sakatzen eta bukatzen, eta bai Gorrotxategi Altunari eusten. Berrobi esnatu egin zen, eta 7-11 jarri; Altuna nagusi zen. Baina hernaniarrak ez zeuden txapela entregatzeko, 13-7, 15-8, eta 17-9, 19-10... Gorrotxa hazi egin zen eta eutsi bakarrik ez, agintzen hasi zen. Ojuel aurrean ederki. 20-10 eta hernaniarrak txapela ospatzen. Festa bat,Atano IIIean, San Joan kutsua hartu zuen frontoiak. 20-14, 21-14, eta 22-14. Axeri Dantza Berrobin entzun zuten. Afizioa txoratzen, eta pelotariak gustora. Beste behin, Hernani txapeldun. Historia guztian 11 final jokatu ditu Hernanik, eta azken 14 urteetan 10 final. Denera 5 irabazi, eta azken lau urteetan finalean izan da. Poz haundiak emango ditu oraindik talde honek...
Erreakzioak:
Iñigo Urkizu:
«Hasieran nerbioso hasi gara eta partidu zaila jarri zaigu, 6-12. Horri buelta eman diogunean, lasaitu, eta aurrean gehiago asmatzen hasi naiz».
Aritz Murgiondo:
«Gustora nago oso, 22ra irtsita. Partidu inkomodoa jarri zaigu eta urduri hasi naiz, baina eutsi diot azkenean».
Aitor Gorrotxategi:
«Uste dut Paulek oso partidu ona egin duela, saketik asmatu egin duelako. Neretzat 4garren txapela da, eta poz haundia eman dit».
Josu Oiaga:
«Taldearentzat hau oso ona da, inportantea. Ez da erreza beti maila honetan egotea. Oraingoz, hurrengo urterako ere talde ona dugu».
«Klabea jubeniletan egon da, 6-12 galtzen hasi, eta eutsi egin diotelako».
«Beste behin ere Hernaniko intxadari eskerrak eman behar dizkiogu. Beti bezala, ikaragarri portatu dira».