Auzo-lanean sortutako festak, denon gustura

Kronika - Erredakzioa 2012ko uzt. 6a, 02:00

Martindegi auzoan guztia prest dago jada, festarako. Ez da gauza askorik behar. Terraza, taberna, eta txosna. Gaurtik igandera bitartean, makina bat apustu, lehiaketa, dantzaldi, jolas eta beste horrenbeste ekintzarekin gozatzeko aukera izango dute bertara gerturatzen diren auzotarrek, eta baita kanpotarrek ere. Denentzako lekua dago terraza-azpian.

Azken prestaketak aste honetan zehar egin dituzte Martindegin. Batzuk txosna kokatu bitartean, besteek musika aparatua puntuan jarri dute, beste batzuk behar den materialarekin hara eta hona ibili dira, eta terraza-azpian daudenek berriz, festa-giroaren susmoa duten haurrei ez diete begirik ken­tzen. Izan ere, denak dira ezagunak. Familia handi bat osatzen dute auzotar guztien artean, eta inor ez da libra­tzen festa aurreko lanen bat egin behar izatetik. Erreleborik ere ez dute faltako, baina «dezente itxoin beharko dute, oraindik ere nahikoa lan egiteko gaude eta!», dio Xabi Barrenetxeak. Zenbat urte daramatzan jai-batzordean, ez du ondo go­goratzen. «14 urte edo izango ni­tuen». Ordurako, gaur egun antolatzen diren hainbat ekintza egiten ziren, dagoeneko, Karabina Txa­pelketa edo sagardo dastaketa, adibidez. «Ez dakit noiz hasi ziren festak antolatzen; aitona hasi zen, baina auskalo noiz. Nik betidanik ezagutzen ditut Martindegiko festak».

Gastronomia, kirola, haur-jolasak...
Martindegiko festetetan denetarako lekua dago. Xabi Barrenetxeak, alde batetik, gaur iluntzeko 20:30etan egingo den sagardo dastaketa mundiala azpimarratu du. «Gero eta indar handiagoa hartzen ari den ekitaldia da, eta 30 urte izango dira, aixa, antolatzen hasi zenetik. Jende asko etortzen da, sagardoak probatzera». Bestalde, kirolak leku garrantzitsua hartzen du Martindegin. Gaur bertan, 43garren Tiro Karabina Lehiaketa egingo da. Txosna gainean bafleak bere tokian jartzen ari den bitartean, Endika Barrenetxeak Karabina Lehiaketak hartu duen famaz hitz egin du: «saria ez da makala izaten, fletxero bat, hain zuzen, eta jende gehiegik hartu nahi izaten du parte. Horregatik, azken urteetan auzotarren­tzako mugatu da parte har­tzea». Beste kirol batzuekin gozatzeko aukera berriz, denek izango dute. Bihar gauean, abere-dema izango da beste behin, oraingoan, Hernaniko Imanol Paollaren zaldiaren eta Urnietako Azkonetaren zaldiaren aurka. Igandean berriz, Unai Otaño aizkolariaren, eta Juan Esnal Arria I eta Jon Larrañaga Larraren aurkako apustua izango da. Haurrentzako ekintzak ere ez dira faltako aurten. Normalean San Fermin egunean egiten dira. «Baina aurten larunbatez tokatu da, eta egun horretan ekitaldi finkoak izaten direnez, ostiral arratsaldera pasa dira haurrei zuzendutako gauza gehienak», azaldu du Xabik. Zezenak, poniak, pailazoak... denetarik izaten dute aukeran, eta nabaria da gustuko izaten dituztela. «Gero eta haur gehiago gerturatzen da, eta ez auzokoak bakarrik. Hernanitik, Astigarragatik, Urnietatik... haur mordoa etortzen da!». Azalpenak eman bitartean, seme gazte­txoena deika hasi zaio eta inguruan dabilen Endika Barrenetxeak jarraitu du Martindegiko San Fermin jaietako bitxikeriak konta­tzen. Endika bera da, errelebo gazteek jarraitzen dutenaren erakusgarri.

Umorea eta musika, ezinbestekoak
Festa guztietan derrigorrezkoak izaten dira umorea eta musika. Musika jartzen ariko dira Triki-Take eta Laiotz taldeak, eta musika eta umorea uztartuko dituzte igandean, Andoni Egaña eta Amets Arzallus bertsolariek. Baina auzotarrak ere iaioak izaten dira lan hauetan. Endika Barrenetxeak dio larunbat gaueko platano-dantzak arrakasta izugarria lortu duela: «urtero jende pila bat etortzen da, eta badira kontua serio hartzen dutenak ere. Azken 3 urteetan, Santiomendiko ama-alaba bikote batek irabazi du!». Hernaniko Olinpiadetara eta beste auzoren bateko festetara ere iritsi da platano-dan­tza, eta Xabik berehalakoan bota du: «patentatu egin beharko dugu!». Umore horixe bera nagusi­tzen da festetan. Larunbat goiz-eguerdi partean kalejiran egiten duten mobida izaten da horren erakusgarri. En­dikaren esanetan, «igandetan bazkaria izaten da, eta larunbatean baserriz baserri kalejiran ibili ondoren, beste zerbaitetan ere aritzen gara. Urtero agertzen da igandean kotxeren bat belarrez beteta, edo lekuren bat ximaurrez zikinduta...».

Urteurrenak, gertu
Harian harian, bota dituzte bitxikeria eta sekreturen ba­tzuk. Baina inor ez da gogoratzen Martindegiko jaien hasieraz. Inguruan badabil ordea, beste Barrenetxeatar bat. Joxe Marik, ez du gutxi gora-beherakorik botako. «Duela 69 urte hasi zen, gure aita, festak antolatzen. Ziur dakit hori. Izan ere, dantzaldiak duela 70 urte hasi ziren Oialumeko terraza-azpian, eta gure aitak, handik urtebetera ekin zion festak antola­tzeari». Handik urte batzutara be­rriz, gazte-koadrila batek jai-batzordea osatu zuen, eta ordutik haiek aritu dira bul­tza eta bultza. «Dagoeneko ez dira horren gazteak, ordutik 48 edo 49 bat urte pasa baitira. Ez dakigu zehazki esaten, baina datorren urtean ospatuko dugu gazte-koadrila honen 50garren urteurrena». Gerorako erreleborik ez dela faltako ere argi ikusten da, inguruan dabiltzan haur eta gazteei erreparatuta.

JAIEN EGITARAUA

Uztailak 6, ostirala
11:00: Kalejira auzoan zehar.
11:30: Haur jolasak eta buruhaundiak.
16:00: Marrazki lehiaketa.
17:00: Patxin eta Potxin pailazoak.
18:00: XLIII. Tiro karabina lehiaketa.
19:30: Patata tortilla lehiaketa (Sansonategik babestua).
20:30: Sagardo dastaketa mundiala.
23:30: Dantzaldia Triki take taldearekin.

Uztailak 7, larunbata
07:00: Kalejira.
07:00: Lo kuluxka.
10:30: Auzoko hildakoen alde meza (ondoren hamaiketakoa, Oialume tabernaren eskutik).
11:30: Auzoko baserrietan zehar mobida trikitixaz alaituta..
13:00: Goiko aristian oroigarri xume bat `gure artean ez daudenei´.
14:30: Auzo bazkaria.
16:00: Gaztelu puzgarriak.
18:00: Zezentxoak eta zalditxoak.
23:00: XI. Abere Dema (Iretza sagardotegiak babestua). Hernaniko Imanol Paolla eta Urnietako Azkonetaren abereak.
24:00: Dantzaldia ‘Laiotz’ taldearekin. Atsedenaldian irrintzi lehiaketa famatua.
Goizaldera: Platano dantza.

Uztailak 8, igandea
11:00: Bermuta.
12:00: Euskal Festa:
 Aizkolariak:
 -Arria I eta Larra
 bikotea, Unai Otañoren  kontra.
 Harrijasotzaileak:
 -Hodei Izeta.
13:00: Bertsolarien saio berezia. Andoni Egaña eta Amets Arzallus.
17:00: XVI. Trikitilari Gaztetxoen Txapelketa.
18:00-19:00: Toka Txapelketa Nagusia (Gurutzeta Sukaldeak Antolatua).
19:00: Bertsolariek bigarren saioa: Egaña eta Arzallus.
20:00: Dantzaldia ‘Bide batez’ekin
23:00: Festei bukaera emateko kalejira auzoan barrena.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!