Kizkiarekin 500 lagunek sagarra bildu ezetz. Hori da Hernaniri Goizuetak bota zion desafioa. Irailaren 16an antolatu du Sagar biltze herrikoia Tolarea Sagardoaren Kofradiak, erronka gainditzeko asmoarekin; urtero herri batek egin du, eta laugarren edizioa da aurtengoa. Ekitaldiaren helburua da sagarra eta sagardoaren mundua zabaltzea eta herritarrek gertutik bizitzea.
Hiru herrik, aurretik
Astigarragak jarri eta bete zuen aurreneko erronka. 2009an Goldea elkarteak antolatu zuen aurreneko Sagar biltze herrikoia eta jarritako helburua, 300 kizki-lagun elkartzea, gainditu zuten. 311 pertsona elkartu ziren, sagarra biltzera. Oiartzuarrak gutxiago ez, eta eurek hartu zuten desafioa 2010ean; Astigarragako errekorra gainditu, eta 354 kizki lagun elkartu ziren. Eta Goizuetarrek egindako errekorra da azkenekoa. Joan den urtean, 2010ean, 400 kizki lagundik gora elkartu ziren Goizuetako plazan, orain arteko marka guztiak hautsita.
Lau pauso eman behar
Bi hilabete falta diren arren, hernaniarrak hasi dira beroketa lanetan. Euskal Jaien bueltan, irailaren 16 arratsaldean izango da ekitaldia. Orain arte bezala, Hernanin ere lau pauso eman beharko dira erronka betetzeko: 1. kizkia erakutsi; 2. kizkiarekin sagarra hartu; 3. kizkia erakutsi; eta 4. sagarra saskira bota. 500 lagunek edo gehiagok batera egiten badituzte lau pauso horiek, Hernanik izango du errekor berria.
Kizkiak salgai, aurretik
Festa egunaren aurretik, kizkiak salgai egongo dira Kaxkoko puntu ezberdinetan (fetxa gerturatu ahala zehaztuko dute). Herritar bakoitzak bere kizkia izan beharko du proba egunean, eta azken orduko pilaketak saihesteko jarriko dituzte aurretik salgai. Bestalde, Sagardoaren kofradiatik dei egin diete herritarrei eta inguruko herrietako biztanleei sagarra eta sagardoaren festa honetan parte hartzera. Eta bide batez, gogoratu nahi dute Hernanik Astigarraga, Oiartzun eta Goizuetaren laguntza izango duela ekitaldia antolatzeko.
Festak jarraipena
Erronka betetakoan, festak segida izango du. Sagardogintzako herri kirolak antolatu dituzte Hernani, Astigarraga, Goizueta eta Oiartzungo herrien artean.
2015ean, batera
Datozen bi urteetan, 2013 eta 2014an beste herri batzuk izango dute Hernaniren errekorra gainditzeko aukera. Eta 2015ean, ordura arteko herri guztiak elkartuko dira Astigarragan, errekor mundiala egiteko asmoarekin.