Zubia, errotonda, etxebizitzak, aparkalekuak... Karabeleko plan berria onartu du Udalak

Kronika - Erredakzioa 2012ko uzt. 15a, 02:00

karabelek hiri antola­men­du berria izango du; beste hitz batzuetan, zubi, erro­tonda, etxebizitza, errepide, jo­las parke eta aparkaleku be­rriak izango ditu. Udalak planaren diseinua onartu zuen ostiralean, Gobernu Ba­tzordean. Obren hasiera noiz izango den zehaztu gabe dago oraindik; hala ere, Orau­ne enpresak bere web orrian publikatu duenez, 2012ko bigarren seihilekoan ha­siko dira obrak, hau da, datozen hilabeteetan. Plan guztia batera egingo dela ere azaldu dute, hau da, hasieratik bukaerara arte segidan egingo dela dena.

Zubi berria, uholdeak ebitatzeko
 Uholdeen kontrako neurri gisa, Karabelgo zubi zaharra bota egingo dute, berria egiteko. Zubi berria oraingoa baino gorago egingo da; ez du hankarik izango, horrek ibaiaren ur emaria trabatu egiten baitu. Zubi berri hau Karabelen egingo den obra guztiaren ardatza izango da, ondoren egingo diren etxebizitzek berau finantziatzen lagunduko baitute. Zubi zaharrarekin batera, honen ondoan ezker-eskubi dauden hiru etxe zaharrak ere, botatzea aurreikusten da urbanizazio plan honetan.

Errotonda berria, norabideak antolatzeko
Zubi berria gurutzatuta, auzorako sarrera-irteerak eta Porturako bidea antolatuko dituen errotonda egingo du­te. Auzoaren sarrera, egungo bera izango da. Errotondatik tren geltokirainokoa. Karabeleko kale nagusia berriz, auzoa erdi-erditik gurutzatzen duena, itxi egingo dute bizilagunentzat, eta egun dagoen bidegorria mantenduko dute. Beraz, Zubipe eta oraingo etxebizitzen artetik pasatzen den errepidea izango da auzotik irteteko erabiliko de­na. Luzatu egingo dute, hor dagoen baserri atzeko zelaietatik, eta errotonda berriarekin izango du konexioa. Hortaz, errepideek kanpoaldetik zeharkatuko dute auzoa: errotonda berritik Ren­fe geltoki ingurura; he­mendik, Zubipe ondoko erre­pidera, eta azken honetatik, errotondara buelta.

186 etxebizitza berri 
Karabeleko planak 186 etxebizitza berri ere biltzen ditu. Horietatik 36 Babes Ofizial­e­koak izango dira; 36 tasatu­ak; eta gainontzeko 114 etxebizitzak salmenta librekoak izango dira. Etxebizitza guzti hauek au­zoko sarreran dagoen parkinean eta ondoko zelaiean egingo dituzte.

Plaza, parke, aparkaleku...
 Etxe berrien inguruak plaza, umeentzako parkea eta lokal komertzialak izango ditu, besteak beste. Aparkalekuei dagokienean, inguru guztian egingo dira. Horrez gain, Zubipe ondoan dagoen parkina haunditu egingo da, ondoan dagoen futbol zelai txikia (kanpo gorria deiturikoa) hartuta. Azken obra hau Udalaren esku geratu da, eta noiz egingo den zehaztu gabe dago. Azkenik, aparkaleku honen ondoan futbol zelai berria egingo du promotorak, auzoarentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!