EUSKERA ikasten edo praktikatzen jarraitu nahi duten etorkinek ez dute aitzakiarik udan. Banaiz Bagara elkarteak euskera ikasteko saioekin jarraituko du uztaila eta abuztuan, atsedenik hartu gabe.
Goizez edo arratsaldez
Orain arte bezala, saioak larunbatetan izango dira. Goizez joan nahi dutenek AEKko lokaletara (Larramendi 11, behea) gerturatu beharko dute; saioak 10:30etatik 11:30etara izango dira. Aldiz, arratsaldez ikasi edo praktikatu nahi dutenek, Txema tabernan izango dute aukera. Ordutegia: 17:00etatik 18:00etara.
Petra Elserrek azaldu duenez, udara dela aprobetxatuta, ekintza ezberdinak antolatu dituzte euskera ikasteko: euskal dantzak, palan jokatzea, mendi irteerak... Bide batez, gogoratu nahi du klaseak etorkinei zuzenduta badira ere, edonork hartu dezakeela parte; eta horretarako, hitzorduetara azaldu besterik ez dutela.