«Astigarragak ez du sekula galdu herri izaera»

Kronika - Erredakzioa 2012ko eka. 30a, 02:00

Astigarragako udale­txearen balkoi batean dagoen kartel batek argi adierazten du egun hauetan astigartarrek sentitzen duten poza: Zorionak Astiarra, 25 urte. Izan ere, mende laurdena daramaki Astigarragak herri bezala funtzionatzen, inoiz galdu behar izan ez zuen subiranotasuna berreskuratu ondoren. Donostiaren auzo gisa egin zituen Astigarragak 44 urte luze, 1943tik 1987 urtera arte, hain zuzen ere. Espai­nia­ko Gerra Zibila bukatu eta urte gutxira, egoera politikoa eta ekonomikoa oso latza zen Euskal Herrian. 1941ean Asti­garragako udaletxeak Donos­tia­rekin anexionatzea onartu zuen, kanpo presioek behartuta, eta 1943an hiriburuaren auzo izatera pasa zen. Erabaki horren atzean Do­nostiaren helburu expansionista eta ekonomikoak zeuden, batez ere. Modu horretan, hiriburua beraren eta inguruko auzoen biztanle ko­purua hazi egin zen eta Asti­garragan zenbait poligono industrial eraiki ziren, hiriburuaren garapen industriala bultzatzeko. Hala ere, auzo ho­rien garapen urbanoa eta beste zenbait zerbitzu sozial ez zituen aintzat hartu Gi­puzkoako hiriburuko udalak. Gainera, aurretik hitz emandako hainbat baldintzetan Donostiak ez zuen hitza bete, esate baterako, gutxieneko zerbitzu administratiboak ezartzean. Horrek guztiak astigartarren herri nortasuna indartu besterik ez zuen egin.


Zenbait jauntxoren interesak
Astigarragak independen­tzia lortu zuen garaian, Alkate zen Antton Arka (Granada, 1955). Haren arabera, zenbait jauntxoren interesak egon ziren anexioaren atzean: «Garai hartako lege batek, baimena ematen zien hiriburuei inguruko herri txikiak euren menpean hartzeko». Hiriburua­ren zerbitzura zuzendutako eremu periferiko produktiboa sortzea zen Donostiako Udalaren helburua, baina herri horien garapen urbanistiko eta soziala alde batera utziz.


Zerga handiak, baina ordainetan gutxi
Herriaren kudeaketa administratibo eta soziala Astiga­rragatik kanpo egiten zen, eta Astigarragaren inguruko erabakiak bertatik kanpo har­tzen ziren. «Donostiako agintarien helburua zen Astigarraga 20.000 biztanle izatera iristea», dio Arkak, ideia hori astakeria­tzat kalifikatuz. Horrez gain, herriak zerga kopuru handiak ematen zizkion Donostiari, baina ordainetan gutxi jasotzen zuen. «Donostiak apenas inbertitu zuen Astigarragako azpiegituretan. Bigarren mailako auzo bat bezala izan zen tratatua». Horren adibide, Astigarragak urtean 23 milioi inguru pezeta ematen zizkion Donostiako Udalari, baina ordainetan, guzti horren %15 jasotzen zuen.


Herri mugimendua, Astigarragan agintzen zuena
Guzti honen ondorioz, Asti­garragan herri mugimendu indartsua sortu zen 1970 eta 1980garren hamarkadetan, eta hura izan zen garai hartan herriaren kudeaketan pisu handiena izan zuena. Arka­ren arabera, «herri mugimendua zen Astigarragan agin­tzen zuena, naiz eta ez zen udal ofiziala». Denera, 15 herriko talde ziren, planifikazio beharrei erantzuna ematen zietenak. Herri izaerari garrantzi handia eman zi­tzaion eta burujabetza lortzeko bidean urrats esanguratsuak egin ziren.


Astigarraga bideragarria, ekonomikoki
Gauzak horrela, eta herritarrek presio haundia egin zu­te­nez, Donostiako udalak ba­tzorde bat sortu zuen Asti­ga­rra­ga­ren bideragarritasun sozio-ekonomikoaren inguruko ikerketa egiteko. Herri­ko industrian sortzen ziren diru etekinak, Diputazioak ematen zuen diru laguntza, etabar, kontuan hartuta. Ondoren, bideragarritasun sozio-ekonomikoaren in­gu­ruko txosten bat egin zen eta horrek onartu zuen Asti­ga­rraga burujabe izatea posible zela. Ikerketaren emai­tzak desanexioaren bideragarritasuna baieztatu zuen.


Herriaren ia %95a independentziaren alde
Bestalde, burujabetza lor­tzeko bidean herrian zegoen kontsentsua ia erabatekoa zen. Izan ere, ez zen egon alderdi politikorik desanexioaren aur­ka. Herritarren ia %95ak independentziaren al­de bozkatu zuen 1984ko aben­duan eginiko herri galdeketan. Alderdi politiko batzuk (EAJ-PNV, PSE-EE), hala ere, desanexioa edozein preziotan onartzeko prest zeuden. Hau da, Donostiako Udalari inongo konpromezurik eskatu gabe. Herritar mugimenduak eta Herri Batasunak, ordea, gutxiengo baldintza batzuk jarri zituzten desanexioa mo­du ordenatuan gauzatzeko. Hau da, gutxiengo konpromiso bat eskatu zitzaion Donos­tiako Udalari Astiga­rraga auz­ian. Herria hankaz gora zegoen, urbanizazioa bukatu gabe, baserriak urik gabe… horiei erantzuna ematea ziren gu­txieneko baldintzak. Astigarragako herritarrek eskatzen zutena zera zen: herrian bertan sortzen ziren etekinak bertan inbertitzea, eta beste herri guztiek zituzten eskubide eta azpiegitura sarea edukitzea. Azkenean, 1987ko apirilean Gipuzkoako Foru Aldundiko Batzar Nagusiak Astigarragaren desanexioa onartu zuen. Urte hartako ekainaren 30ean Astigarra­gako udal demokratiko berria sortu zen.


Lehenengo udal gobernua, Arkarekin
Desanexioaren ondorengo lehen urteetan, oraindik, he­rri mugimenduak izan zuen herriaren gidaritza, baina legealdiak martxa hartu ahala udal gobernua sortu zen (HB), eta Antton Arka izan zen garai berriko lehenengo Alkatea. Urte haietan azpiegiturak asko hobetu ziren, herrian bertan zerbi­tzuak ematen ziren, esate baterako, ur hornidura, argiteria, kultur ekipamenduak, polikiroldegia, pilotalekua... Zerotik hasita gauza handiak lortu ziren denbora gutxian. Arkaren ustez, «burujabetasuna lortu genuen unean, herriko eragile guztiek zuten herria kudeatzeko ardura, guztiek zuten eginkizun bat, eta horrek garapen azkarra ekarri zuen. Gainera, plan urbanistiko sendoa egin ge­nuen, hezkuntza eta osasun azpiegiturak sortu genituen, eta herria definitu eta eraiki genuen hainbat arlotan». Gerora, ordea, alderdi eta eragile ezberdinen elkarlana ez da hain estua izan, Arka­ren iritziz: «argi ilunak izan dira azken 20 urteetan: lehenengo udal gobernuak egindako hirigintza plana eta herri eredua alde batera utzi zuen ondoren etorri zen alderdiak (Eusko Alkarta­suna). Alderdi horrek beste plan urbanistiko bat onartu zuen, eta ondorioz, etxebizi­tza ugari eraiki ziren eta populazioa asko hazi zen. Horrek herri izaera eta identitatea kolokan jarri zituen».


Ospakizun eguna gaur
Gaur egun, Astigarragaren nortasuna sendoa da eta herriak guztiz berreskuratu du identitatea, nahiz eta Antton Arkak dioen bezala: «Astigarragak ez du sekula galdu herri izaera». Azken 10 urteetan biztanle kopuruak asko egin du gora, eta egun ia 5000 biztanlera iritsi da herria. Orain dela 25 urte, burujabetasuna berreskuratu zuten garaian ez zuten ospakizun berezirik prestatu, baina aurten mende laurdena bete dutela ederki ospatzeko asmoa dute. Ekainean zehar hainbat ekitaldi antolatu dituzte eta gaur dute egun nagusia.

EGITARAUA:

12:00etan, Udal-batzari agurra dantzatu ondoren, desanexioaren ondorengo lehenengo akta irakurriko da. Aiztondo abesba­tzak musika eskolako musikarien laguntzarekin Astigarragako ereserkia abestuko du eta 25 suziri jaurtiko dira.

12:30etan, Giza proba Foru plazan. Herriko 25 gazte Astigarragako harriarekin 25 minutuan 25 plaza egiten ahaleginduko dira.

13:00etan, Kantu kalejira.

14:00etan, paella jatea Foru plazan. 

Bazkalondoren haurrentzako eskulanak.

16:30etan, dantzaldia Inazkirekin Foru plazan.


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!