Panticosan bukatuko dute, bi eguneko trabesia hau, La Sarrako presan hasita. Lehenengo egunean 10 km egingo dituzte, eta bigarrenean 21 km.
Lehenengo eguna:
Sarratik Respomusora,
hartzaren bidean
Sarrako presatik aterako gara eta Puente Las Fajas zubia zeharkatu ondoren GR 11ren arrasto zuri-gorriei segiko diegu. Aguas Limpias errekaren bailaran igoko gara presara iritsi arte. Bidearen lehenengo zatia pago artean egingo dugu. Ordubete ingurura Paso del Onso (hartza esan nahi du) izeneko lekura iritsiko gara. Bertan bailara estutu egiten da baina apur bat aurrerago, Llano Cheto izeneko zelai haundi batera iritsiko gara. Bideari segi, eta Arrieleko iboietara eta Frondiellas gailurrera dijoan bidegurutzea atzean utzi, eta basotik aterako gara. Bi ordu ingurura presa ikusi daiteke. Azken malda igo eta presara iristean aurrez-aurre ikusiko dugu Respomuso aterpea (2.160 m).
Aterpea presaren ezker aldean dago, handia da (105 plaza ditu) eta nahiko berria denez mendi erdian dagoen hoteltxo bat dela esan daiteke. Bertatik hainbat hirumilako egiteko aukera dago, hala nola: Balaitús, Frondiellas, Gran Facha edota Infiernos.
Bigarren eguna:
Respomusotik Panticosara,
ia 3.000 metrotan barrena
Aterpetik atera eta GR11 bideari segi behar zaio presaren atzeko alderaino. Presa hornitzen duen erreka zeharkatzeko zubi bat dago, apur bat gorago. Hemendik aurrera marka zuri-gorriei segiz, Llena Cantal mendiaren oinean dagoen bailaran sartuko gara eta segi eta segi, Llena Cantaleko iboira iritsi arte.
Han, atzera begiratu eta ikusten dira Balaitus eta Frondiellas, beren profil ederrekin. Aurrean Tebarrayeko lepoa, eta bere pasagunea. Lepoa iparrera orientatuta dagoenez elur asko egin duen urteetan elurra aurkitu daiteke.
Lepora (2.782 m) iristean, Tebarray iboi ikusgarria izango dugu aurrean. Motxilak lepoan utzi eta eskubira eginez Tebarray gailurrera igoko gara (2.916 m).
Berriro lepora jaitsi, eta zeharkaldi bat eginez Infiernos lepora hurbildu. Hortik aurrera, dena behera. Ibones Azules-en albotik pasa, eta Bachimaña presara jaitsiko gara. Ertzean, aterpe berria egiten ari dira, Panticosan dagoen Casa de Piedra aterpea ordezkatuko duena. Batzuk diote aurtengo neguan irekiko omen dutela aterpe berri hau.
Bachimaña presa atzean utzi ondoren pinuen artean sartzen da bidea. Azken jaitsierak egin eta ordu t´erdian Panticosako bainuetxean gara.
Respomusoko presa, Panticosako
bainuetxea... historia haundiko tokiak
Respomuso alboan dagoen presa 1950 hamarkadan eraiki zen. Hainbeste jende egon zen bertan lanean, bertako ingurua herri txiki moduko bat bihurtu zela, bere eliza eta guztirekin. Hormigoia bertan egiten zen. Presak bi kanal ditu, lurrazpian. Lehenengoak Arrieleko iboi edo lakuetatik ura ekartzen du presara, eta bigarrenak ura Sarrako zentral hidroelektrikora eramaten du.
Bide gaiztoa, neguan
Elur-jausiak direla eta, udaran ohizkoa den bidea neguan oso arriskutsu bihurtzen da. Hori dela eta, Musales lepoko bidea aholkatzen da, baina bide horrek desnibel gehiago du, eta jende askok ez dio aholkuari jaramonik egiten. Arrisku horren lekuko 1995ean elur-jausi batek 6 euskaldun hil izana. Presa eraiki zen garaian bazekiten arrisku hori bazela, eta teleferiko bat egin zuten, Musales lepotik igarotzeko. Oraindik teleferikoaren dorre-arrastoak aurkitu daitezke bidean.
Erromatarren garaiko
bainuetxea, Panticosan
Panticosako ur termalak antzinatik erabiltzen dira. Ezaguna da Osca eta Cesaraugusta hirietako biztanleek erabiltzen zituztela; alegia, gaurko Huesca eta Zaragozako biztanleek. Galia eta Hispania lotzen zituen bidea Gallego bailatik pasatzen zen, eta bainuetxean erromatar aztarnak aurkitu dira.
Garai hartatik XVII. mendera arte Panticosako bainuetxea erabiltzen zen ez dakigu, artxiboetan behintzat ez dago haren berririk.
1693an, lehenengo
eraikuntza modernoa
Garai modernoan, lehenengo eraikina 1693 urteko da. Mende bat geroago Herpes iturria aurkitu eta bigarren eraikin bat egin zuten. Benetako ospea XIX mendean hartu zuen. 1827eta 1944 bitartean Don Nicolas Guallartek zortzi eraikin egin zituen, instalazio aurreratuenekin.
Hori dela eta, Espainiako bainuetxe haundiena bihurtu, eta jende ospetsua hurbiltzen hasi zen; Santiago Ramón y Cajal, adibidez. Bainuetxean 1.500 pertsona kabitzen ziren. Garai berean, Donostiak edo Santanderrek zituzten hotel-plazak baino gehiago.
Lau iturri, sendagarri
Bainuetxeak lau iturri ditu; lau iturri oligometaliko:
1) Lehenengoa, San Agustín edo Giltzurrunaren iturria. Ura 26ºtan ateratzen da eta diuretikoa da eta giltzurrun-garbitzailea.
2) Bigarrena, La Lagunako iturria. Ura 22ºtan ateratzen da eta liseriketa edo digestio prozesuei laguntzen die.
3) Hirugarren iturria Edertasunarena edo urdailarena. Ura 28ºtan ateratzen da eta gas sulfhidrikoa du. Bertan alga bat bizi da, Beggiatoa alba, eta alga mikroskopiko horrek azaleko gaixotasunak sendatzen laguntzen du: aknea, psoriasia eta dermatitis batzuk.
4) Azken iturria Tiberio iturria da. Sakonetik datorren iturri bakarra eta gaur egun bainuetxeak erabiltzen duena. Ura 50ºta ateratzen da, eta gas sulfhidrikoa du. Erreumak, kontusioak eta esgintzeak sendatzeko balio du urak akzio antiinflamatorioa baitu.
DATU INTERESGARRIAK
l Non:
Sallent de Gállego eta Panticosa artean (Huesca).
l Noiz:
Uztailak 14-15.
l Izen ematea:
Astelehen, ostegun eta ostiral, 20:00-21:00 (Iturregi plaza) Azken eguna: uztailak 12.
l Prezioa:
Bazkide eta FEDME: 65 euro
Bazkide eta ez FEDME: 75 euro
Ez bazkide: 10 euro gehiago.
l Distantzia:
1go eguna: 10 km.
2garren eguna: 21 km.
l Denbora:
1go eguna: 4-5 ordu.
2garren eguna: 7-8 ordu.
l Desnibela:
1go eguna: 900 m gora.
2garren eguna: 800 m gora eta 1.300 m behera.
l Zailtasuna: Egoera fisiko onean egon behar da. Tebarray lepoan elurra bada, materiala behar da.
l Beharrezko materiala:
Goi mendiko material arrunta. Kranpoiak behar badira,
abisatuko da.
l Gailurrik altuena:
Tebarray (2.916 m).
l Nola iritsi:
Iruñeara joan (A-15) eta handik Liedenara (A-21). Jaka (N-240), Biescas eta han, Sallent de Gállego (A-136). La Sarrako presan utziko dugu kotxea.