ongi etorria jaso zuten atzo Saharako errefuxiatu kanpamentuetatik etorritako 7 neska-mutilek. Hernanin dira, udako oporrak pasatzeko asmoz. San Joanen aurretik etorri ziren, eta abuztu bukaerara arte geratuko dira, etxean hartu dituzten familiekin. Luis Intxauspe alkateak egin zizkien harrerako hitzak: «Ongi etorriak. Baita eskerrak ere, umeak etxean hartu dituzuen familiei eta beraiekin uda pasako duzuen begiraleei. Espero dugu uda ondo pasatzea, eta elkarrengandik asko ikastea». Sorpresatxoa ere eman zien umeei: «badakit igerileku irekiak oso gogoko dituzuela, eta aurten, nahi adina alditan joateko aukera izango duzue». Ondoren, hamaiketakoa egin zuten.
Kanpamentuetatik urruti
Oporrak Bakean programarekin etortzen dira, eta helburua da, udako bi hilabeteak Saharako kanpamentuetatik urruti pasatzea, bertako tenperatura altuak atzean utzi eta osasun azterketak egitea. Hernanin harrera familiekin biziko dira, eta goizetan begiraleekin ibiliko dira hara eta hona: hondartzara, igerilekura, txiki parkera joango dira, eta beste hainbat ekintza ere, egingo dituzte.